argia.eus
INPRIMATU
Irrati bat etxeko balkoian
  • Iruñeko etxeko egongelan, gurasoek apal batean gordetzen zituzten biniloen artean, bazen bat (bada), bereziki arreta erakartzen zidana. Armiarma itxurako espaziontzi baten alboan, letra gorri handietan ageri zen La guerra de los mundos (Munduen arteko gerra).  Liluratzen ninduen istorioak, edo, hobeki esanda, istorio horren inguruan sortutako gertakariak: 1938ko urriaren 30ean, Orson Wellesek irrati bidez eman zuen kontakizuna, eta estralurtarrak New Jerseyn lurreratu zirela azaldu zuen. Esatariak kontakizunari emandako errealismoak, eta albistegi itxurak, kaosa zabaldu zuen Estatu Batuetako jendartean, jendeak sinistu baizuen Martetik zetorren inbasioa. Gertakizunak, zalantzarik gabe, komunikazioaren boterea erakutsi zuen. Aurten beteko dira ordutik 75 urte.

Ander Perez @ander_prz 2013ko urtarrilaren 30
Iruñeko Alde Zaharra.

2004.ko abuztuaren 16an, Iruñeko Barcina alkateak Euskal Jai Gaztetxea suntsitzea erabaki zuen, polizia hara bidaliz eta bost egun iraunen zuen husteari hasiera emanez. Iruindar askori ahaztezina zaigun aste horretan, poliziaren batek gomazko pilota bat jaurtitzen zuen bitartean, gazte batek gaztetxearen aldeko garrasia airera botatzen zuen unean eta bizilagunen batek lapikoa protesta eginez kolpatzen zuen momentuan, Alde Zaharreko auzokideren batek irratia atera zuen etxeko balkoira, Iruñeko Eguzki irrati libreak gertakizunaren inguruan egiten ari zen jarraipen berezia etxe barrutik kalera atera nahi izan balu bezala. Gutxira, beste hainbat auzokidek keinu txiki hori imitatu zuten, transistorea lorontzia artera ekarriz, edo etxe barruan mantendu baina bolumena altxatuz. Eta, gogoan dut, Kaldereria kalean, poliziaren oldarraldi batetik ihesi korrikan ari ginen bitartean, irratia entzun nuela, eta joku ederra egin zitzaidala gertatzen ari zen hori, aldi berean, lau haizetatik entzuten egotea. Gaurko perspektibatik ikusita, herri komunikazioaren gailurra iruditzen zait keinu txiki eta espontaneo hori. Orson Wellesen emanaldiak azalean utzitako irratiaren botere hura jasotzen eta bere erara erabiltzen jaki izan zuen Iruñeko herriak.

Ez dakit txikitako biniloarengatik den, eta ez dakit Iruñeko Alde Zaharrean bizi izandako horregatik izanen ote den, baina, betidanik, xarma eta edertasun handiko komunikabidea iruditu izan zait irratia. Agian, horregatik, are tristeagoa da gaurko eguna. Ni jaio nintzen urte berean jaio zen, Iruñean ere, Euskalerria Irratia. Eta gaur, 24 urte beranduago, berriro ere, lizentziarik ez ematea erabaki du UPNren gobernuak.

Albistea jakin eta denbora gutxira, mespretxu eta gorroto hitzak besterik ez zaizkit okurritzen Nafarroako kulturaren kontra jokatu eta bere buruari Nafarroako Kultur Kontseilari deitzera ausartzen denarentzat. Baina, zorionez, badakit, hasierako haserreak alde egiten digun heinean, injustizia berri honek arrazoi berri bat emanen digula Iruñea euskaldun baten alde sinisten jarraitu eta lanean segitzeko. Eta arrazoi ematen digula, zergatik ez, FMko 91.4 sintonizatu eta irratia Iruñerri osoko balkoi guztietara ateratzeko.

Oharra: Artikulu hau Ander Perezen Balearen Erretorika blogetik hartua da.