argia.eus
INPRIMATU
Hipoteka kalkulatzeko IRPH indizea ez da gardena, EBko abokatu nagusiaren iritzitan
  • Indizea ofiziala izan arren, hau gardena ez izatea posible da EBko abokatu nagusiaren arabera, nahiz eta Espainiako Auzitegi Gorenak kontrakoa bermatu 2017an. 2020ko lehen hiruhilekoan emango du ebazpena Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 10
Gipuzkoako IRPH Stop plataformaren elkarretaratze bat, Justizia Jauregiaren aurrean (Argazkia: IRPH Stop Gipuzkoa)

Espainiako Estatuan erabili ohi den IRPH (Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea) indizeari buruz Bartzelonako auzitegi batek galdegindako zenbait konturi erantzunez, hitza hartu du Maciej Szpunar Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren abokatu nagusiak. Indizearen gaineko bere ondorioak mahaigaineratu ditu asteartean, adieraziz ezin daitekeela bermatu indizea gardena denik hau ofiziala izate hutsagatik. Espainiako Estatuko abokatuei bidea ireki die indizea abusuzkoa den ala ez ikertzeko. Szpunarren hitzak kontraesan egin dute Espainiako Auzitegi Gorena, zeinak 2017an bermatu egin zuen indizearen gardentasuna.

Ondoriook ez dira lotesleak, baina Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak abokatu nagusiaren ildoari jarraitu ohi dio. Ebazpena 2020ko lehen hiruhilekoan emango dute jakitera.

Kaltetuentzat esperantza

Indizea baliogabetzat jo beharko litzatekeen ala ez, Szpunarrek ez du deus esan. Hala ere, egin dituen adierazpenak indizeak kaltetu dituen norbanakoen interesei begira mesedegarri dira. Kaltetuek arrazoitu dutenez, indizea gardentasun gutxirekin komertzializatu zen, beren hipotekak nabarmen garestituz: batez beste, euriborra erabiliz gero ordainduko luketena baino 25.000 euro gehiago.

Indizeari lotutako hipotekadunek ebazpenari itxaron behar izango diote jakiteko hipoteka legez aldatzeko aukerarik ba ote duten, baita euriborra erreferentziatzat ez edukitzeagatik ordaindu duten aldea —osoa edo honen zati bat berreskuratu ahal izango duten. Baliteke kasuak banan-banan aztertu behar izatea, indizea abusuzkoa den ala ez ebazteko. Atzerako eragina ebatzi ala ez, epaileena litzateke erabakia hartzeko eskumena ere.

IRPHaren kaltetuen plataformetatik poza agertu dute, ulerturik Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusia “kaltetuen alde” eta “bankaren aurka” jarri dela.

Goldman Sachs inbertsio bankuaren esanetan, atzera eraginari bide ematen dion ebazpen batek 7.000 eta 40.000 milioi euroko galera eragingo lioke bankari.