Gorenak aitortu du hainbat bezero ez zituztela behar bezala informatu indizearen gainean, baina indiziea bera legezkoa dela. Ebazpen hori medio, bankuak ezingo dira abusuengatik zigortu ahalko; asko jota, gardentasun falta leporatu ahalko zaie.
Bankuek ez dute abusatzen gardentasunik gabe informatzerakoan, horixe Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi berri duena IRPH indizea duten hipoteken harira. Hainbat bezero euriborraren ordez erabiltzen den indizearen gainean behar bezala informatu ez zituztela aitortu arren, gorenak dio legezkoa dela, Espainiako Bankuaren abala duelako. Hala, IRPH indizea duten hipotekak legezkoak direla ebatzi du.
Espainiako Auzitegi Gorena bermatu egin zuen indizearen gardentasuna 2017an. Alabaina, indizea ofiziala izanagatik ere, gardena ez izatea posible zela adierazi zuen iaz EBko Maciej Szpunar Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren abokatu nagusiak. Szpunarrek aburuz, ezin zitekeen bermatu indizea gardena denik hau ofiziala izate hutsagatik, eta Espainiako Estatuko abokatuei bidea ireki zien indizea abusuzkoa den ala ez ikertzeko. Martxoan, EBko auzitegiak Espainiako epaitegien esku utzi zuen bankuek bezeroak egoki informatu ote zituzten aztertzea.
Espainiako Auzitegi Gorenak berriki publiko egindako ebazpena medio, bankuak ezingo dira zigortuak izan abusuengatik; gehienez ere gardentasun falta leporatu ahalko zaie. IRPHa abusuzko jo izan balitz, bankuek indize hori daukaten hipoteka guztiak baliogabetu beharko lituzkete, eta berriz negoziatu bezeroekin. Horrek bankuei eragingo lieke milaka milioi galtzea. Alabaina, indizea legezkotzat jota, bezeroak dira dirua galtzen segiko dutenak; hipoteka hori dutenek Euriborrari lotutako hipoteka dutenek baino 165 euro gehiago ordaintzen dituzte hilero, 25.000 euro gehiago orotara. Estimazioen arabera, Hego Euskal Herrian 40.000 kaltetu inguru egon daitezke indizearekin loturan, nahiz eta IRPH Stop plataformaren arabera “askoz ere gehiago” izan daitezkeen.
Espainiako Auzitegi Gorenak zehaztu duenez, banku batek bezeroak behar bezala informatu ez zituela xedatzeko irizpideetako bat litzateke ondokoa: kontratua sinatu aurreko bi urteetan indizeak izandako bilakaeraren berri eman ez izana. Epaia aurki kaleratuko da osorik, eta espero da irizpide gehiago barnebilduko dituela.