argia.eus
INPRIMATU
“Irmo adierazi dute ez zutela Alarde Publikoko inongo kiderekin tertulia batean parte hartuko”
  • Irungo Alarde Tradizionalekoek ez dute parte hartu nahi izan Alarde Parekideko kide batekin, Onda Cero irratiak antolatutako tertulian, eta azkenean, tertulia horretatik kanpo utzi dute Alarde Parekideko Xabier Martinez, sare sozialetan salatu duenez. “Non dago herri honetako jaietan hainbeste errepikatu eta inposatu nahi den normaltasuna? Normaltasuna hau bada, nik ez dut normaltasun hau erosten”.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 27a

Martinez bera eta beste hiru gonbidatu zeuden tertuliara deituta: Pagoki elkarteko lehendakaria eta diruzaina, Alarde Tradizionaleko Komandantea eta aurten San Martzialgo zutoihala eramango duen gizona. Honela kontatu du pasartea Martinezek:

“Parte hartzea ideia ona zela pentsatzen nuen, pena haiek horrela ez pentsatzea eta gainera mespretxuz, agurtu eta begiratu egin gabe. Irmo adierazi dute ez zutela Alarde Publikoko inongo kiderekin tertulia batean parte hartuko eta nire erantzuna ere irmoa izan da, nik ez dut inolako arazorik tertulia bat aurrera eramateko. Zergatia? Eurek jakingo dute. Nik argi daukat.

Beraz, eurek euren tertulia izan dute, eta 30 minutu geroago, nik nirea. Paradoxa polita ezta? Eurek eurea, nik neurea. Ez al zaizue historia hau ezaguna egiten?

Non dago herri honetako jaietan hainbeste errepikatu eta inposatu nahi den normaltasuna? Normaltasuna hau bada, nik ez dut normaltasun hau erosten. Argi eta garbi utzi dute irundarrentzat hain garrantzitsuak diren egun hauetan, gu ez garela herriaren parte, eta horrekin bizi beharko dugu”.

Facebooken irakurri dezakezue idatzi osoa.