argia.eus
INPRIMATU
‘Irma’ Kubatik urrutiraturik, Habanak gaur irekiko du bere aireportua
  • Sekula ikusi duen urakan suntsitzaileenaren kalteak kontatu eta oinarrizko zerbitzuak abiarazteko ahaleginean ari da Kuba osoa. Gaur, asteartea, hango 12:00etan (18:00 Euskal Herrian) zabalduko du berriro José Martí aireportua.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko irailaren 12a
Herritarrak Habanan ekaitzak eta uholdeak utzitako txikizioa konpontzeko ahaleginean.

Zikloien aurrean Kubak antolatuta daukan babes sistema mitikoa ez da nahikoa izan 'Irma'-ren erasoari aurre egiteko eta hondamendiak 10 pertsonari kendu die bizia. Azpiegitura eta ekonomia alorrean, herrialdea lur jota utzi duela erakusten dute handik iritsitako argazkiek. Urakanak lagatako anabasan murgilduta, Kuban uneotan ez du erosoa izan behar Mendebaldeko konfortean hazitako turistaren egoerak. Asteburuan uhartetik irtetea programatuta zeukatenak –tartean zenbait euskal herritar– ondoko egunetan bidaliko dituzte, pixkanaka eta hegaldiak berriz normalitatera hurbildu ahala.

Hondamendiei aurre egiteko militarrez osatutako kontseiluak seigarren bileran azaldu duenez, konta ezinak dira ekaitzak eragindako kalteak, batik bat nekazaritzan. "Kubako probintzia guztiek jasan dituzten kalte oso larriak, salbu eta Guantanamo, Santiago eta Granman, non kalte txikiagoak izan diren. Nekazaritzako eraikin guztiek jasan dituzte kalteak, batik bat egiturazkoak. Laboreak ere gogor izan dira kolpatuak, batez ere platanoa, arroza eta azukre-kanabera". 

Argindar zerbitzuaren azpiegitura da txikizio handienak jasan dituen zerbitzua. Kubaren erdi eta mendebaldea elikatzen duten elektrizitate linea nagusietatik asko oraindik itzalita daude, zentral termiko handi batzuk bezala. Hiriburuan nozitzen da oso gogor argindar falta, nahiz eta astelehen arratsaldean agintariek jakinarazi duten Habana elikatzen duten 302 zirkuituetatik gutxienez 41 berriro zerbitzuan zeudela.

Autobus zerbitzuen ordutegiak berriro astearte goizean dira normaltzekotan. Ikastetxe askotan, aldiz, ez da oraindik eskolarik emanen, eraikinetan ekaitzak utzitako kalteak konpondu artean. Raúl Castro lehendakariak kubatarren kemenari egin dio dei:  "Antolakuntzaz, disziplinaz eta gure egitura guztien integrazioz, estualditik irtengo gara aurreko aldietan egin dugun moduan. Ez dadila inor engaina, aurrean daukagun lana oso handia da, baina daukagun herria edukita gudurik garrantzizkoena irabaziko dugu: berreraikitzea. (...) Iraultzak ez du inor utziko babesik gabe eta une honetan hartuta dauden neurriak Kubako familia bakar bat ez dadin abandonaturik geratu".

Nazioartetik laguntza dei eta eskaintzak ari dira iristen, Kubara bezala Karibean 'Irma'-k hondamendian murgilduta laga dituen gainerako uharteetara.