argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuaren inbestidura
Irlandako Ostiral Santuko Akordioa erreferentzia gisa PSOE-Junts negoziazioetan
  • Aspaldi ari dira negoziatzen PSOE eta Junts inbestidura saiorako azken honen sostengua. Sukalde lanetan, 1998an Irlandako iparraldeko gatazka bideratzeko garatu zen Ostiral Santuko Akordioa atera da mahai gainera, El Diario-k ostegun honetan agertzen duenaren arabera.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko irailaren 21
Sánchez eta Puigdemont 2016ko argazki batean. (Argazkia: Vilaweb)

Datorren astean, irailaren 27an egingo da lehen inbestidura saioa Espainiako Kongresuan. Espainiako Erregeak Alberto Nuñez Feijóo PPko buruzagiari eman zion horretarako enkargua, eta lau botoren faltan porrot egingo badu ere, horrek hauteskunde berriak egiteko erlojua martxan jarriko du. Azaroaren 26rako Espainiako Gobernua eratzeko akordiorik ez balego, hauteskunde berriak deitu beharko lirateke.

Aipatu egunkariaren arabera, Juntsek ez luke nahi 1996an Convergenciak eta PPk sinatu zuten Magestic Akordioaren gisako bat. Jordi Pujolek eta José María Aznarrek sinatutako hitzarmen haren arabera, Convergenciak PPren gobernua sostengatu zuen finantzazio itun bat eta hainbat transferentziaren truke. Carles Puigdemontek zuzenean daraman negoziazio honen fruitu politikoetako batzuk oso epe motzekoak lirateke, eta beste batzuk, aldiz, ertain-luzekoak.

Epe motzekoa da, eta ez zailtasun gutxikoa, amnistiaren bueltan akordioa lortzea. Eta epe luzekoa litzateke, akordioren batera iristea autodeterminazioari begira. Alde horretatik litzateke interesgarria Ipar Irlandara luzatutako begirada hori. Irlandan akordio ugari sinatu ziren, baina baziren etorkizuneko bizikidetzarako oinarrizko hiru printzipio nagusi: bat, su-etenarekiko konpromisoa mantentzen zuten erakunde armatuetako kide presoen askatasuna; bi, Stormonteko Legebiltzarra abian jartzea eta gobernantzarako protestante eta errepublikarren arteko botere banaketa orekatua; eta hiru, Ipar Irlandako herritarrei onartzen zitzaien beren etorkizunaz erabakitzeko eskubidea, eta horretarako, bertako erakundeek hala eskatuz gero, eta Erresuma Batuko Gobernuarekin adostuta, zegokion kontsulta egiteko aukera.

Amnistiari dagokionez, bi aldeetako juristak ari ei dira prestatzen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota ezingo lukeen lege-proiektuaren testua. Oso gai arantzatsua da Espainian, baina aditu askok sarri azpimarratzen dute ez litzatekeela zailena. Dagoeneko, Pedro Sánchezek New Yorketik egindako adierazpenak norabide horretan doazela interpretatu da, esan duenean berak beti defendatu duela Kataluniakoaren moduko prozesu politiko batek ez zuela bukatu behar judizializazioan.

Bitartekaria

Amnistiaren gaian, lege-proiektua inbestiduraren aurretik bideratua utzi nahi du Juntsek, baina PSOErentzat hori ezinezkoa da, bai epeengatik bai formengatik ere. Akordioa lotuta utzita, PSOEk inbestidura ondorengorako utziko luke legearen bideratzea. Juntsek, aldiz, hori bakarrik onartuko luke biek adostutako bitartekariaren aurrean PSOEk legea ateratzeko data zehatz bat onartuko balu.

Negoziazio horien guztien itzalean dago, halaber, Junts eta ERCren arteko lehia. Asteartean ERCko buruzagi Oriol Junquerasek amnistiarena hitzartuta zegoela aipatu zuen Diputatuen Kongresuan, eta eskuin politiko eta mediatikoak hala eskatu badio ere, PSOEk ez du oraindik ezeztatu Junquerasek esandakoa. Amnistiaren negoziazioetan ERC malguagoa ei litzateke Junts baino, eta prest dago amnistiaren egutegi bat adosteko, bestelako baldintzarik jarri barik. Neus Tomás kazetariak aipatu ditu negoziazio kontuok El Diario-n.