Irlandako Errepublikak koronabirusaren zabalpenari aurre egiteko hartu duen neurrietako bat da ospitale pribatu guztiak sare publikora pasatzea, pandemiak iraun bitartean. "Egoera honetan publikoaren eta pribatuaren arteko demak ez du lekurik", adierazi zuen Osasun ministro Simon Harrisek.
Irlandan sektore pribatua osatzen duten 19 ospitaleak aldi baterako sistema publikoaren parte gisa erabiliko dituzte koronabirusa duten gaixoei funtsezko zerbitzuak emateko, Leo Varadkar Irlandako lehen ministroak jakitera eman duenez.
Osasun sistema publikoak 2.000 ohe, mendekotasun handikoentzat 54 ohe eta 8.000 langile gehiago izango ditu pandemiari aurre egiteko. Gainera, sektore pribatuak 194 arnasgailu, bederatzi laborategi eta bakarkako pazienteentzako 1.000 barneratze gela ditu, isolamendurako erabil daitezkeenak.
"Akordio honen pean ospitale pribatuetan artatutako gaixo guztiak paziente publikoak izango dira", esan zuen Varadkar lehen ministroak. "Osasun publiko nazionalari dagokion larrialdi baten erdian gaude, eta ahalegin guztiak egin behar ditugu gure ospitaleen gaitasuna handitzeko, behar dutenei zaintza intentsiboa emateko".
Akordio publiko-pribatua hiru hilabetez egongo da indarrean, beste luzapen bat egiteko aukerarekin.
Irlandako osasun sistemaren zati handi bat pribatizatzen joan da gobernu neoriberalen poderioz, AEBetako ereduari jarraiki. Baina osasun sektorea ez da eredu publikotik aterarazi duten bakarra: pribatizazioa hezkuntza, ura eta etxebizitza soziala bezalako arlotara ere eraman dute urteen poderioz.
174 hildako Irlandako errepublikan
Irlanda hegoaldean koronabirusak 5.364 lagun kutsatu eta beste 174 hil ditu. Heriotzen batez besteko adina 78 urtekoa da.
Lehen ministro Leo Varadkarrek 41 urte ditu eta mediku lizentzia profesionala berritu zuen martxoan, Dublingo ospitale batean asteko txanda egiteko, langile-eskasia arintzeko.