argia.eus
INPRIMATU
Irlandak “bateratze erreferenduma ikus dezake”, Micheál Martinen arabera
  • Fianna Fail alderdiko buruak dio Ipar Irlandako gehiengoak EBn jarraitzearen alde egin izana lurraldearentzat “definitzeko momentua” izan daitekeela.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 19a
Ohikoak dira kontrolak Irlandako bi aldeen arteko mugan. Hura kentzearen alde egin dute zenbait politikarik. (Argazkia: humanrights.ie)

“Erresuma Batuak EB uztearen alde egin ondoren, berrelkartze erreferenduma deitu daiteke, baldin eta [Irlandaren] bereizketarekin amaitzearen aldeko gehiengoa badago”. The Guardianek dakarrenez, Fianna Fail alderdiko Micheál Martinek Irlandaren bateratze erreferendumaren ideia plazaratu du, irlako beste politikari batzuek egin bezala.

Irlandako errepublikako oposizioko alderdi nagusiaren buruak gogorarazi du Ipar Irlandan EBn jarraitzearen alde bozkatu zuela %56k. Hala, uste du emaitza horiek kontuan irlaren etorkizuna “definitzeko momentua” izan daitekeela. Patrick MacGill idazlearen omenezko udako ikastaroetan egin ditu adierazpenok.

Hala ere, Martinen arabera, “une honetan dakigun bakarra da Ipar Irlandako jendeak mugak irekita mantendu nahi dituela”. Gaineratu du herritarrek “Europako merkatu bakarraren jurisdikziopean” jarraitu nahi dutela. Gaur egun, Erresuma Batuak Europako herrialde batekin duen muga bakarra da Irlandakoa.

Ehunka lagunek igarotzen dute muga hori egunero, izan lanerako edo aisialdirako. Horregatik, Brexitaren emaitzak eztabaida piztu du, ekar ditzakeen aldaketak tarteko. Kanpainan zehar, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministro berriak adierazi zuen Brexitak irabaziz gero, beharrezkoa litzatekeela mugaren bat mantentzea Irlandan.

Bere aldetik, James Brokenshire Ipar Irlandako estatu idazkariak ez du halakorik desio: “Ez dut mugak gogortzerik nahi”. Antzeko iritzia du Martinek ere: “Bi aldeen artean barrera berriak ezarriz gero, hamarkadak egingo lituzke atzera irla honek”.