argia.eus
INPRIMATU
“Irlanda berriz batzeko erreferenduma egingo da hamarkada honetan”
  • Irlandaren etorkizuna hamarkada honetan erabakiko dela eta auzia benetan konponduko dela uste du Sinn Feineko presidente Mary Lou McDonald-ek. Hala adierazi du El País egunkarian.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 19a
Jaka berdearekin, Sinn Feineko presidentea (argazkia: Sinn Fein)

McDonalde Sinn Feineko presidente da duela lau urtetik eta erreferenduma iragarri du Espainiako egunkarian, Irlandako Errepublika eta Ipar Irlanda batzeko aukerari buruz galdetu diotenean. “Gainera, uste dut modu baketsu, demokratiko eta ordenatuan egingo dugula”.

Maiatzean irabazi zituen Ipar Irlandako hauteskundeak Sinn Feinek, eta honela kontatu genuen Argian: “Mugarri berria Ipar Irlandan”. Irlandako Errepublikan, Fianna Fail, Fine Gael eta Alderdi Berdeak osaturiko gobernu koalizioa daukate.

Eskozian ere, erreferenduma

Eskozian, independentziari buruzko erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu du Nicola Sturgeon lehen ministroak. Erreferendumari ezezkoa esan zion Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak, baina Erresuma Batuko Gobernuaren baiezkorik lortu gabe ere bozketa egin ahal izatea du xede Eskoziak. Horretarako, Erresuma Batuko Auzitegi Gorenari galdetuko diote lege proiektuaren edukia legezkoa den.