argia.eus
INPRIMATU
Irlanda batzeko erreferenduma egin nahi du Sinn Feinek bost urteko epean
  • Alderdi errepublikazale irlandarraren arabera, urgentzia handiagoa dauka irla bi estatutan banatuta egoteari uzteak Brexitaren ostean.

ARGIA @argia 2017ko maiatzaren 25a
Michelle O\'Neill Sinn Feineko Ipar Irlandako burua, Gerry Adams alderdiko buruzagi historikoarekin.

Datozen bost urteetan Irlandaren batasunari buruzko erreferenduma beharrezkoa dela dioen agiria publikatu du Sinn Feinek, 2017ko Erresuma Batuko hauteskundeei begira.

“Brexitaren inposizioak eta kontserbadoreen murrizketek erakusten dute zein bidegabea eta antidemokratikoa den banatuta egotea”, irakur daiteke agiri horretan, besteak beste.

Alderdiaren arabera, Europar Batasuna (EB) malgu agertu da kide ez diren estatuen integrazio moduei dagokienez, eta hori baliatu nahi du Sinn Feinek, momentuz iparraldeko sei konderriek estatus berezia izan dezaten. Horri esker EBko merkatu bakarra eskura izango lukete Brexita gorabehera, baita finantzazio bideak ere.

Errepublikarren eragotzi nahi dute Irlandaren partizioa sakontzea, irla bi zatitan banatuko lukeen EBko muga baten bidez.

Brexitaren erreferendumak Erresuma Batuan ez bezalako emaitza utzi zuen Ipar Irlandan: %56k bozkatu zuen EBn mantentzearen alde.