argia.eus
INPRIMATU
Iritzien aska
  • Intoxikatuta nago, kutsatuta. Bego lasai irakurlea, honezkero ez dut uste Koronabirusa harrapatu dudanik, baina informazio bonbardaketek, zalantzazko prentsaurrekoek eta ozpindutako mikrofonoetatik botatako diskurtsoek akabatu dute nire pazientziarekin. Kontuz, ez nuke demagogian erori nahi, afera latza dugu esku artean eta horrek zeharo kezkatuta nauka. Halaber, egunotan aldiro ibili naiz prentsa irakurtzen eta komunikabideen ohar beltzak tristuraz entzuten. Guztietatik aditu eta politikarien iritziei arretaz erreparatu diet, eta, beste behin, ez dute deus ere esan; “zaharrak berri”, alegia. Gauzak horrela, ez al da ordua beste aska batetik edaten hasteko?

Karlos Aretxabaleta 2020ko apirilaren 07a

Neuk, sikiera, hala egin dut, eta nire institutuko ikasleek –euskarako ikasgaian– orain dela gutxi  idatzitako iritzi artikulu batzuei erreparatu diet. Oraingoan, ordea, zuzentasun gramatikala, aberastasuna edota irakasleok dugun “begi klinikoa” alde batera utzi ditut, euren aldarriak zein iritziak filtrorik gabe irakurtzeko. Zinez diotsot irakurleari batxilergoko neska-mutil batzuen hitzek hasieran deskribatu dudan amorru sentsazio horretatik atera edo askatu nautela oso-osoan.

Esatea dago euren hitzak estaldurarik gabekoak direla, eta akatsak badituzte ere, oro har, ondo josita daudela; izan ere, gure gazteek gauza asko dituzte esateko. Gai askoren inguruan iritzi landuak dituzte, baina, sarritan, inork ez die inoiz ezer galdetu. Horra hor irakaskuntzaren paradoxa; hau da, ikasleei jaurtitzen dizkiegun galdera guztietatik, zenbatek du “benetako galdera” batek izan beharko lukeen izaera?

Gazteen iritzien harira, zerbait azpimarratu beharko banu, euren hitzen zintzotasuna eta freskotasuna izango litzateke. Tamalez, egun, gure gizartean maliziarik gabeko diskurtsoak aurkitzea kimera hutsa da.  

"Gazteen iritzien harira, zerbait azpimarratu beharko banu, euren hitzen zintzotasuna eta freskotasuna izango litzateke. Tamalez, egun, gure gizartean maliziarik gabeko diskurtsoak aurkitzea kimera hutsa da"

Gorago esan bezala, aitortu behar dut neska batek zur eta lur utzi ninduela bere artikuluan jasotako analogia batekin. Metroko barandaren irudia erabili zuen gizartearen eta gazteen beldurra islatzeko. Helduek ikara diogu birus berri honi; gazteek, ordea, beldur handiagoa diote larunbat gaueko iluntasunari eta bakardadeari. Artikulua ikasgelan jorratzen zebilela, harriturik, islatu nahi zuenari buruz itaundu nion, eta berak horrela galdegin zidan: “Zer da, bada, birusa larunbat gau arrunt batean, etxerako bidea hartzen dudanean, beldurra sentiarazten nauen horren aldean?”.

Gure gazteen iritziei “urrezko minutua” eskaintze aldera, beste ikasle batzuek egindako hausnarketak jaso nahi nituzke labur azken lerro hauetan. Gurasorik edo irakaslerik balego iritzi artikulu hau irakurtzen, eta, gainera, etxean nerabeak edukiko balitu, jakin dezala bere seme-alaben kezken eta iritzi landuen artean politika egon litekeela; izan ere, Espainiako eskuin muturreko alderdi baten (VOX) gorakadak sor liezaieke ondoeza. Gerta liteke gure ikasleek pornografiak gazteen artean sortu duen gezur erotikoari buruz hausnartzea, eta pornoa heteropatriarkatuaren altzo-txakurtzat hartzea; edota birusak futbol munduari ekar liezazkiokeen aldaketekin amets egiten egotea, kirol hau genero berdintasunari dagokionez bidezkoagoa izan dadin. Bestalde, gure gazteak, konfinamendua dela eta, euren etxeetan preso dauden emakumeez asko eta asko oroit daitezke, baina, babestuko ditugulakoan, ez diegu galdetzen horri buruz; kasurako, “Amen: zu hor eta ni hemen” zioen ikasle batek bere artikuluan.  

Gauzak horrela, hurrengo galdera edo misil erretoriko batekin amaitu nahiko nuke gaurko bonbardaketa hau: baten batek galdetu al die asteotan ikasleei zintzotasunez ea zelan dauden? Ea zer iritzi, beldur edo itxaropen duten aurtengo ikasturteari buruz? Ikasle batek baino gehiagok barneak gustura hustuko lituzke galdera hori zintzotasunez egitera ausartuko bagina. Baina ez, politikari edota telebistak jainkotutako sasikazetariei arreta gehiegiago eskaintzen diegu, gure “kimu berriei” baino.

Arestian esan bezala, ez al da ordua beste aska batetik edaten hasteko? Eman diezaiegun, bada, hitza eta iritzia izateko eskubidea gure gazteei.