Norbere testuak irakurtzea errebisatzea besterik ez den bezala, norbere iritziak plazaratzea ez da tesi bat jendartean aurkeztea, ez bada bakoitzaren subjektibotasunaren emaitza besteoi saltzea besterik. Kolektibotik osatzen direnak dira sarri benetako gatazka baten sintesiak, alde eta kontra dauden aburu pertsonalen collage konplexuak.
Botatakoak soinean eramaten ere jakin behar da. Ez da kontu inozoa entzule mordoaren aurrean zure iritzia fundamentuzkoa ez dela esatea, aintzat har ez dezaten erreguz eskatzea, belarrian jaramonik egin ez diezazuten eskatzea. Tiro bat zerura, balak nora iritsi ez baleuko bezala. Bien bitartean etengabeko iritzi ezerez zaparrada, belaunetaraino bustita.
Ez da lan makala gure hitzek inpaktu bat sortzen dutela onartzea, baina, arren, saia zaitezte; ez da hainbesterako.
Iritzia ematen duten hainbeste iritzigileren eta zeresanik gabekoen artean, hainbeste zarata artean, zure burmuina elektrokutatu nahi izatea, iritzia ez ematea da hautua beste askorentzat. Ez dakienarena egiten duenak ongi ohi daki, ironia badirudi ere, zer ardura duen esku artean; ezjakintasuna Fairy modura baliatzen du guztiz eskuetatik kentzeko. Norbaitek aktiboki mozoloa izatea erabakitzen duen bakoitzean aingerutxo bat hiltzen da zeruan.
Ez dugu seriotasun irmo batez inork baino gehiago dakigula eman nahi, desafioa eta umorea nahi ditugu. Ni batek guztion izenean dihardu, bost ahots edo ahots bat bost aldiz
Kolektiboan idaztea, eta horren gainetik kolektiboan sinatzea, babes asegurua ere bada. Pozak, konplimenduak, burlak eta erantzukizunak ere bosten artean banatzea sekulako abantaila ere badelako; onartzen dugu. Ezin inpostore sentitu zure lana zurea bakarrik ez denean, besteei merituak onartzen soberan dakigu-eta.
Esaten dugunari ezin zaio aurpegirik jarri, logo bat agian. Eta, horrek, esaten duguna jasotzeko modua ere aldatzen du: ez da ikasle honek idatzitako testua, ez da bertsolari horrek idatzitakoa, edo militante horrek idatzitakoa. Hala eta guztiz ere, xedea badute, osotasun baten emaitza dira eta ez pot-pourri ulergaitza. Behe Bandak idazten du eta ez gutako bakoitzak, hori posible bada.
Idatzi ahalko genuke zutabe polit bat. Apaingarriz beterikoa, zehaztasun kotidianoz kargatua, lehenengo pertsona singular sustraitu batean, letra etzanezko iruzkin eta modernismoz betea (beno, hori guk ere egiten dugu), horrelako esamoldeekin: duela gutxi esan zidaten, aurreko egunean entzun nuen, egunkarian irakurri dut. Eskatu dizutelako eta postu hori galdu nahi ez duzulako idaztea, idazteagatik idaztea.
Aurrez aipaturiko horretatik ihes egite aldera, pertsonala kritikarako tresna bihurtzen saiatu nahi dugu. Ez dizkizuegu gure intimitateak debalde kontatu nahi, iritzi bat plazaratzeko pieza esanguratsuak ez badira. Ez dugu seriotasun irmo batez inork baino gehiago dakigula eman nahi, desafioa eta umorea nahi ditugu. Ni batek guztion izenean dihardu, bost ahots edo ahots bat bost aldiz.
Esatekoaren bila hasi dugu zutabe hau ere, poesia guretzat askotan bide errazena hartzea izan delako. Iradokitzailea izatera jolastea ohituta, zer-esan zehazki ez jakin eta irakurlearen interpretazio librera ohitu, eta benetan zeresana galdu. Zutabe asalariatu baten minimoa, zerbait izan beharko balitz, esan gabe gelditzen den hori esaten asmatzean datzala uste dugu.