argia.eus
INPRIMATU
Iritzia aldatuz, soldaduak bidaliko ditu Trumpek Afganistanera
  • Barack Obamaren aurka gogor egin zuen gai honekin hauteskunde kanpainan eta apurka atzerriko gerretatik soldadu estatubatuarrak etxeratuko zituela iragarri zuen.

ARGIA @argia 2017ko abuztuaren 23a
4.000 soldadu gehiago bidali ditzake Trumpek Afganistanera.

Donald Trump lehendakari estatubatuarrak ez du argi utzi zer egingo duen zehatz mehatz Afganistanen eta nola, baina bai argitu du AEBek han jarraituko dutela eta indar handiagoarekin. Pentagonoko iturrien arabera 4.000 bat soldadu bidaliko ditu bertara, orain diren 8.400en egoera sendotzeko. Trumpen esanetan, gauza bat da lehendakari izan aurretik pentsatzen duzuna eta behin zarenean egin beharrekoa.

2001ean sartu ziren AEBak Afganistanen Dorre Bikiek izandako erasoari erantzunez, horretarako nazioarteko koalizio militar bat eratuta. 130.000 soldaduko eraso indarra osatu zuen koalizioak, horietatik 90.000 estatubatuarrak. Espainia eta Frantzia ere koalizioan dira. Talibanen erregimena deuseztatu zuten eta harrezkero gerran dira hauen aurka.

2014ko abenduan soldadu gehienak erretiratu zituzten AEBek, hango gerra amaitutzat emanez. Bertan utzitako milaka soldaduen funtzioa ez zen zuzenean gerran jardutea, Kabulgo Gobernuaren armadari aholku ematea baino. Orain arte gerran ikusi denez, talibanek ez dute indarrik gerra irabazteko, baina ezta nazioarte koalizioak hauek garaitzeko ere. Hala ere, talibanak gero eta lurralde gehiago irabazten ari dira gerran, eta mendebaldea harrapatua dago bertan. Alde egiten badu, oso posible da talibanek berriz ere boterean jarraitzea, eta bertan jarraituta galdera nagusi bat geratzen da mahai gainean: eta zertarako balio izan dute gerra urte hauek guztiek?

Ez dago argi zenbat pertsona hil diren gerra honetan, baina kalkulatzen da Afganistan eta Pakistanen 150.000 pertsona hil direla, horietatik gehienak zibilak. Afganistango Gobernuak eta talibanek izan dituzte bake elkarrizketak azken urteetan, baina emaitza zehatzik gabe amaitu dira.