Hogeita hamaika suhiltzaile nafar joan dira Valentziara, uholdeen ondoko garbiketa lanetan laguntzen, Horietako bat da Iñaki Sexmilio. "Zenbait lekutan gurea izan da iritsi den lehen laguntza taldea, herritarrak oso eskertuta daude", azaldu du Metropoli Forala saioan egin dioten elkarrizketan.
Hogeita hamaika suhiltzaile nafarrak herenegun iritsi ziren Valentziara. Catarroja herrian ari dira laguntzen. "Iritsi den lehen larrialdi zerbitzua izan gara zenbait tokitan. Herritarrak oso eskertuta daude. Elkartasun handia dago hemen", azaldu du Sexmilok.
"Antolakuntza eta koordinazio arazo handiak daude, hau oso handia baita", ohartarazi du suhiltzaile nafarrak. Horren poderioz, nahi baino lan gutxiago egin ahal izan dute: "Atzo denbora nahiko galdu genuen, gauzak behar bezala antolatzen ziren bitartean".
Koordinazio arazoak gibelean utzirik, atzo etxebizitzetan aritu ziren lanean: "Sotoetatik ura ateratzen hasi ginen atzo, eta zorionez ez genuen gorpurik aurkitu". Gaur, berriz, beste zeregin batean aritu dira: "Trenbide azpiko pasabidean ari gara lanean, ura atera eta atera". Lan horien guztien xedea argi dute: "Gure lehentasuna gorpuak ateratzea da, eta gaitz biologikoak ez hedatzea", kontatu du.
Oso litekeena da hiru eguneko txanda amaituta, 31 suhiltzaile nafarrok bihar itzultzea foru erkidegora. Dagoeneko beste 30ek eman dute izena haiei txanda hartzeko. Txandak antolatzea ez da erraza; izan ere, Nafarroan eskaintzen duten zerbitzua aldatu gabe joan behar dute Valentziara. "Zerbitzu txikia izanagatik ere boluntario asko apuntatu dira. Asteetarako lana dago hemen eta beharrezkoa izanen da laguntza guztia", esan du Sexmilok.