Urtarrilaren 20an utziko du AEBko presidente kargua Joe Bidenek, lekukoa Donald Trumpi emanda –zeinak AEBen norabide aldaketa marka dezakeen Ukrainako gerran–. Agintaldia amaitu aurretik, baina, irakurri dugu Ukrainari baimena eman diola Errusiako Kursk eskualdean AEBen ATACMS irismen handiko misilak erabiltzeko.
Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik hainbatetan eskatu dio Bideni misilak –300 kilometroko irismena dute– erabiltzen uzteko, eta orain eman dio baiezkoa AEBko presidenteak, hango hedabide nagusiek iragarri dutenez –Etxe Zuriak, Pentagonoak eta Ukrainako gobernuak ez dute oraindik adierazpen ofizialik egin–. Zergatik orain? Antza, Ipar Korearen esku-hartzea legoke erabakiaren atzean, The New York Times egunkariak publikatu duenez, Washingtongo iturri ofizialak aipatuta. Izan ere, Ipar Koreako 10.000 soldadu inguru –AEBek emandako datuen arabera– batu dira gerrara, errusiarrei laguntzera. Udaz geroztik Ukrainak menpean dauka Kursk eskualdearen zati bat, eta Errusiak haren kontrola berreskuratu nahi du, ipar korearren laguntzarekin orain. AEBen intentzioa litzateke Ipar Korea ohartaraztea, haien tropak "zaurgarriak" direla erakutsi eta Errusiara soldadu gehiago ez lituzkeela bidali behar esatea.
Halaber, bada beste gertaera bat, Bidenen erabakiarekin lotu dutena batzuek: AEBen irismen handiko misilen ingurukoak ezagutu ditugu Errusiak Ukrainako energia-sistemaren aurkako eraso masiboa egin eta denbora gutxira. Errusiak 120 misil eta 90 drone jaurti ditu asteburuan, eta bi pertsona hil ditu. Zelenskik jakinarazi duenez, hainbat eskualde azpiegitura elektrikorik gabe geratu dira.
Misilak baliatzeko baimenak gatazkaren nondik-norakoak aldatuko ote dituen ikusteke dago, nahiz eta Errusiak "Hirugarren Mundu Gerraz" hitz egin duen. Kremlineko bozeramaile Dimitri Peskovek esan du AEB "sua pizten" eta "tentsioa areagotzen" dabilela; eta Putinek esana dauka erabakia hartu izanak erakutsiko lukeela NATOko herrialdeak, AEB eta Europako estatuak "Errusiaren aurka borrokan" ari direla.
AEBen posizioa, Donald Trumpek irabazi ostean
Hainbat adituk nabarmendu duen bezala, Donald Trumpek hauteskundeak irabazita, AEBek Ukraina eta Errusiaren arteko gerran duten papera alda daiteke. Presidente kargua hartzean gerra amaituko dela iragarri du Trumpek. Mikel Aramendik ARGIAn idatzitako Trumpismoa, interes geopolitikoak printzipioen gainetik analisian azaldu duen moduan: "AEBetako segurtasun- eta estrategia-guneen gogapen erkidearekin bat etorrita, Trumpek irmo uste du Txina dela arerioa. Nagusia ez ezik bakarra; beste jazargo guztiak, maila apalagoko gorabeherak lirateke, kasik baztergarriak. Eta ñabardura horrek eginarazten dio talka zuzenean Biden- eta Obama-administrazioen geoestrategiaren zutabe nagusienetakoa izan denarekin: haientzat, Errusia betiereko etsai moldakaitza izan bada, Trumpen iritzi edo asmoa da AEBak Errusiarekin adiskidetu eta hura Txinarekin etsaitzea lortu behar duela. Horrexegatik izan du garbi lehen unetik Ukrainako gerra Biden-administrazioaren hutsegite barkaezina dela, Errusia Txinaren besoetara bultzatu duelako, batik bat. Alderantzizko bideari ekin behar omen dio agintaldiaren lehen egunetik".
Josep Borrellek txalotu egin du Bidenen erabakia
Europako Batasuneko diplomaziaburuak adierazi du Ukrainak aliatuek bidalitako armak "erabiltzeko aukera" izan beharko lukeela, "ez soilik geziak geratzeko, baita arkuak kolpatzeko ere". EBk Ukraina babesten jarraituko duela esan du, "ezer ez delako aldatu", AEBko presidentetzarako hauteskundeetan Trumpek irabazita ere: "Gerra bat dago, Ukraina bere burua defenditzen ari da, Errusiak eraso egiten jarraitzen du eta guk laguntza ematen jarraituko dugu. Ukraina lagundu behar dugu, behar beste denboraz, ahalik eta gehien eta ahal bezain azkar".