argia.eus
INPRIMATU
Langileen artean sinadura bilketa hasiko dute preso eta iheslarien etxeratzearen alde
  • Ireki ekimen sortu berriak 150.000 sinadura lortu nahi ditu langileen artean preso eta iheslarien etxeratzearen alde. Azken urteetan gai honek langile mugimenduan indarra galdu duela uste dute eta hau berreskuratu nahi dute, larunbateko agerraldian adierazi zutenez.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 19a
Ireki ekimenaren aurkezpena Donostian. (Arg.: ireki.eus)

Euskal Herrian gai honekin inoiz egin den firma bilketa handiena egin nahi dute. Agerraldia aprobetxatu dute deialdia zabaldu eta bolondresak eskatzeko, ireki@ireki.eus posta elektronikoaren bidez. Lorturiko sinadurak preso eta iheslarien arloan lanean ari diren eragileen eta euskal sindikatuen esku utziko dituzte.

Langile mugimenduak egin izan duen indar biltzearen ondorioz, bizi eta lan baldintzetan hobekuntza handiak lortu dituela ikusten dute. Horretan jarraitu behar duela azaldu dute, baina preso eta iheslarien gaian ere aurrerapausoak emanez . Bi arrazoi nagusi ikusten dituzte horretarako: “Arrazoi logikoa, gatazka armatuen amaierarekin batera egin ohi den bezala, preso eta iheslariak etxera bidean jartzeko garaia delako; eta langile arrazoia, agenda politikoen gainetik, langileen bultzadaren beharra dagoelako”.

Ekimenak otsaila aldera beste agerraldi bat egingo duela aurreratu du, ordura arteko sinadura bilketak emanikoa azaltzeko. Bestalde, ekainaren 17an amaiera ekitaldia antolatuko dute, lanaren balantzea eta firma kopuruaren berri emateko.

Urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan eginiko manifestazioen ondoren sortu zen mugimendua. ETAren su etenetik bost urte igaro arren, irtenbide ezak bultzatu du taldea. Langileriak gaiaren inguruan eginiko lanak urrun geratu direla argudiatu dute eta bide hori berreskuratzeko nahia azpimarratu.

Aurkezpena bideo baten laguntzaz zabaldu dute: