argia.eus
INPRIMATU
Ireki dute Urruzuno literatur lehiaketarako lanak aurkezteko epea
  • Saria bost eguneko literatura-egonaldian parte hartzeko aukera izango da. Guztira hogei irabazle izango dira, eta ikastetxeak ere sarituko dituzte.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 09a
Argazkia: IREKIA

Urruzuno literatura lehiaketarako lanak aurkezteko epea zabaldu dute urtarrilaren 8an, eta otsailaren 29ra arte egongo da irekita. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatutako lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute DBHko 3. eta 4. mailako, Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek. Guztira hogei lan sarituko dira, eta saria 2024ko udan bost eguneko literatura-egonaldian parte hartzea izango da. Irabazleek aukera izango dute literatur tailerrak egiteko, sormenarekin zerikusia duten lanketak egiteko eta euskal idazleak ezagutzeko.

Euskarazko idazlanak bidali daitezke, poesia zein prosa lanak. Gaia librea da, eta lanek originalak izan beharko dute. Bi kategoria bereiziko dira: A kategoria, Batxilergoko 1. eta 2. mailetakoentzat eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleentzat, eta B kategoria, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleentzat.

Antolatzaileek adierazi dute epaimahaiak irizpide hauek izango dituela kontuan hogei irabazleak aukeratzeko: irudimena eta sormena, testuaren ezaugarri literarioak, testuaren arintasuna eta koherentzia, eta hizkuntzaren erabilera zuzena eta aberastasuna. Bost euskal idazle eta Hezkuntza Saileko teknikari bat izango dira epaimahikideak.

Ikastetxeentzat ere saria

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du lan gehien aurkeztuko dituzten bost ikastetxeak sarituko dituztela, ikastetxeen eta irakasleen “ahalegina” aitortu eta eskertzeko: “Hezkuntza Sailaren Idazleak Ikastetxeetan programako bina saio egiteko aukera izango dute saritutako ikastetxeek. Saritutako hogei lanekin liburu bat argitaratuko du Hezkuntza Sailak Sagastiberri sailean, eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan banatuko dute.