Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoaren lehen kontzertuak erromantizismo berantiarraren kutsua izan bazuen ere, bigarren topaketan taldeak bi obra zirraragarri interpretatu zituen, istorioak kontatzen zizkigutenak. Obra exigenteak ziren, batez ere adierazkortasunaren aldetik, eta bigarren aldi honetan bai lortu zuela orkestrak publikoa hunkitzea, zalantzarik gabe.
Fitxa: Donostiako Musika Hamabostaldia. Kursaal Auditorioko Zikloa. Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa. Zuzendaria: Gustavo Gimeno. Easo Ahots Mistoen Abesbatza. Zuzendaria: Gorka Miranda. Bakarlaria: Alexander Vinogradov (baxua). Egitaraua: Shostakovitx eta Berlizo-en lanak. Data: abuztuaren 2a.
Shostakovitxen Stepan Razinen exekuzioa, op. 119 1964an konposatutako lana da. Bertan, konpositoreak maisutasunezko idazkera eta adierazkortasun-indar eutsiezina erakusten ditu, eta edozein totalitarismo politiko mota bortitz, urradura eta umore-sen beltzez salatzen du. Eta hau, Stepan Razin nekazariak XVII. mendeko latifundista errusiarren aurka hasitako matxinada kontatuz egiten du.
Interpretazioak obrak eskatzen zuen grina eta indarra izan zuen, bai orkestraren aldetik, soinu sendoa erakutsi baitzuen, bai Easo Abesbatzaren aldetik, afinatua eta uneoro konpaktatua. Azpimarragarria izan zen Alexander Vinogradov baxu errusiarraren aktuazioa, tinbre sakonekoa eta emisio segurukoa. Luxenburgoko sinfonikoak eskainitako bertsioaren arrakastan funtsezkoa izan zen bakarlariaren kalitatea.
Luxenburgokoek kontatu ziguten bigarren istorioa maitasun istorio izugarria izan zen. Hector Berliozen 'SInfonia fantastikoa, op. 14' delakoaren bost mugimenduen bidez kontatzen den istorioa hain zuzen ere. Berliozek musikari gazte baten ametsak kontatzen dizkigu. Bere maitearen gaitzespena jasan ondoren, opiora jotzea erabakitzen du bere penak arintzeko.
Gustavo Gimeno zuzendaria, adierazkortasun handiz, dotore igaro zen lehen mugimenduaren malenkoniatik bigarrenaren dantza gozora. Eta hirugarren mugimenduko eszena bukoliko ederretik ‘Oinazerako Martxa’-ren izuara (laugarren mugimenduaren izenburua), ‘Akelarreko gau bateko Amets’-en kemenarekin amaitzeko. Dena intentsitate handiz eta dotoreziaz aldi berean.
Lehenengo kontzertuan bezala, orkestrak soinu pletoriko eta bikaina luzitu zuen, eta fraseatze dotorea, Europa erdialdeko kutsua erakutsiz. Baina inaugurazio egunean zuzendaritzak erabat aireratu ez zuen bezala, bigarren aldi honetan 10 bat eman beharko litzaioke. Zorionak.