argia.eus
INPRIMATU
Iraultza?
  • Zarata handia ateratzen ari dira zenbait eremutan, Espainiako Estatuan ustezko "iraultza elektriko" baten eta munduan egosten ari omen den beste "zerga iraultza" baten inguruan, hedabide handietako editorialek azpimarratu duten bezala. Propaganda gehiegi.

Juan Mari Arregi 2021eko ekainaren 10a

Ez genuke sinetsi behar horien mamia ezagutu aurretik. Publizitate kutsua duten informazioekin bonbardatzen gaituzten arren, hilabete batzuk igaro arte ez da ezagutuko. Eta ez dezagun ahaztu balizko "iraultza" horiek zuzentzen eta kontrolatzen dituena munduko gobernu guztien erabaki politikoak baldintzatzen dituen sistema kapitalista bera dela.

Herritarrak tarifa elektrikoaren ordutegiekin zorabiatzen dituzten bitartean, Espainiako Gobernuak iragarri du lege-aurreproiektu bat jarriko duela abian zentral nuklear eta hidraulikoentzako ordainsaria murrizteko; horrek 1.000 milioi euroko murrizketa ekarriko lieke elektrizitate enpresei “zerutik eroritako mozkinak” direlakoetan . Legea ez litzateke indarrean sartuko 2022ra arte, baina enpresa horien patronala eta foro nuklearra xantaia egiten ari dira jadanik, nuklearren porrot teknikoa ekarriko lukeela argudiatuta.

Bestetik, munduko multinazional handien zerga-ordainketari buruzko "akordio historikoa" saldu dute herrialde boteretsuenek, eta mozkinen gaineko %15eko gutxieneko zerga izango dela esan dute. Hasieran %28 zen, gero %21, eta azkenean %15era jaitsi dute. Akordio hori beste herrialde askok aztertu eta onartu behar dute. Itxaron diezaiogun letra txikiari eta ea zertan geratzen den %15 hori. Adibidez, Espainiako Estatuan sozietateen gaineko zerga %25ekoa da teorian, baina kenketa fiskalen ostean, %8,3 baino ez da errealitatean.

Ez gaitezen engainatu. Itxuraldaketa da, etekin milioidunak pilatzen jarraitzeko. Hori da euren "iraultza". Kapitalismoa zerbaitetarako da ingeniaritza fiskalean aditua.