argia.eus
INPRIMATU
Iraultza Txikien Akanpadak egitarau oparoa argitaratu du
  • Askotariko jarduerez lepo dago egitaraua. Abuztuaren 25 eta 29 bitarterako 30 mahai inguru, hamar kultur emankizun, azoka eta manifestazioa antolatu dituzte, besteak beste. Aurrez izena emateko webgunea ere martxan da.

ARGIA @argia 2021eko uztailaren 23a
Iraultza Txikien Akanpadaren bigarren edizioa deitu dute abuztu amaierarako.

Egitarauaren ardatza mahai inguruek eta hitzaldiek osatzen dute. Hiru espazio ezberdindu dituzte antolatzaileek –elkarrekin gogoetatu, elkarrekin eraiki eta elkarrekin borrokatu– eta bakoitzean jarduerak egongo dira aldi berean, goizetan txanda bakarrean, eta arratsaldetan bitan. Umeentzat ere hiru gune antolatu dituzte –sormen gunea, mugimendu gunea eta lasaitasun gunea–, goizez zein arratsaldez izango dira martxan. Bazkal eta afalosteetan emankizun kulturalak izango dira egunero: poesia, rap musika, bertsolaritza, bakarrizketak, folkaraokea... Harrera eta itxiera ekitaldiak egingo dituzte asteazken eta igandean, mural margotzea edo azoka eta tomate dastatzea larunbat goizean. Igandea, kanpaldiko azken eguna, ibilaldiaren eguna izango da besteak beste, Eukaliptorik ez, haritza bai! Lelopean. Gosariak, bazkariak eta afariak emango dira egunero.

Aniztasuna eta konbergentzia

Antolatzaileek egitarau ahalik eta dibertsoena eta inklusiboena osatzea izan dute helburu, Argiari azaldu diotenez. Mahai inguruen gaitegiari dagokionez, egun herri mugimenduetan “bizirik” dauden eztabaidak eta borrokak ekartzeko ahalegina egin dute. Lurraldetasuna hartu dute kontutan, ahalik eta familia politiko gehien barneratzen saiatu dira, pertsona eta mugimendu arrazializatuen ekarpena eta presentzia bermatzen, edo adin tarte guztientzat interesgarria izango den eskaintza egiten.

Euskarari lehentasuna emango zaio eta itzulpen zerbitzua egongo da saio guztietan. Egitarauan emakumeak* gehiagoa izatea bilatzeaz gain, ikuspegi feminista zeharkakoa eta integrala izatea bilatu dute. Metodologiari dagokionez, hizlarien ekarpenei garrantzia emango zaie, baita pertsona guztien artean eztabaida, ezagutza kolektiboa eta konplizitateak sortzeari ere.

Izen ematea

Lehenbailehen izena ematera deitu dituzte herritarrak eta militanteak ITAko antolakuntzatik. Horretarako webgunea jarri dute martxan.

ITA egitaraua.