argia.eus
INPRIMATU
Iraultza Txikien Akanpada uztailaren 19tik 23ra ospatuko dute Arabako Izarran
  • Asteazkenetik igandera bitarte dozenaka jarduerez betetako egitaraua aurkeztu dute. Hirugarrenez antolatu dute herri mugimenduak zein borrokak saretu eta indartzea helburu duen kanpaldia.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko ekainaren 19a
Argazkia: ITA

Izarran (Araba) bertan aurkeztu dute 2023ko Iraultza Txikien Akanpada (ITA), igande eguerdian. Gogoratu dute estreinako ITA 2018an antolatu zela, Gipuzkoako Zubietan, eta bigarrena 2021ean, Bizkaiko Artean. Hirugarrena Izarran egiteko arrazoien artean aipatu dituzte “landa eremuari eta herriko txikitasunari” garrantzia ematea.

Herri borrokak saretu eta indartzea helburu

“Iraultza Txikien Akanpadaren helburua Euskal Herrian ditugun herri mugimenduen eta borroken arteko saretze bat egitea da, eta baita gure artean ezagutzera eman eta elkarri indarra ematea ere”, azaldu dute. “Eztabaidatzeko tokia izango da akanpada, ideiak partekatzekoa, elkarren artean elikatu eta, zergatik ez, kontraesanak sortzekoa”. Lau gune prestatu dituzte hamaika ekimen antolatzeko.

Egitarau indartsua

Uztailaren 19ko asteazkenean hasi eta 23ko igandera bitartean jarduerez lepo egongo da Izarra. Aurreko edizioetan legez, hitzaldiak, hausnarketa eta eztabaida saioak eta tailerrak dira egitarauaren ardatza, besteak beste: Euskalgintza: limurtzetik konfrontaziora?; Neokolonialismoa: Elkanotik Mondragon Korporaziora; Trantsizio ekosozialaren erronkak; XXI. mendeko independentismoa; Kapitalismoaren aurrean herri alternatibak sortzen; Nork zelatatzen du Polizia?; edo Kulturgintza komunitarioaren erronkak. Orotara 30 saio antolatu dituzte, eta ekitaldi nagusia larunbat gauerako iragarri dute.

Haurrentzako jarduerak egongo dira egunero goiz eta arratsalde (ipuin kontaketa, basoaren eguna, buruhandi tailerra...), eta eguerditan zein gauetan emanaldi kulturalek hartuko dute protagonismoa (Andoni Olokiegi, Mejillon Tigre, No Name Tiriti, dantzaplaza, poesia emanaldi musikatua, bertso afaria...). Otorduak kanpaldian bertan egiteko aukera izango da.

 

Hemen egitarau osoa: