Herri mugimendu eta eragile "eraldatzaileak" bilduko ditu irailaren 21etik 23ra bitartean Zubietan egingo den Iraultza Txikien Akanpadak. Lurralde Askea mugimenduak deitu du, hainbat gari buruz gogoeta egin eta "herri boterea eraikitzen jarraitzeko estrategiak partekatu eta adosteko" helburuarekin.
Lau bloke nagusi izango ditu ekimenak:
1- Hainbat gairi buruzko eztabaida eta gogoeta. "Arerioaren puntu ahulak bilatzeaz gain, geure buruen kontraesanak bilatuko ditugu", diote Lurralde Askea-ko kideek. "Nolako militantzia ereduak praktikatzen ditugu? Zer konpromiso klase hartzen ditugu? Zer irakatsi digu Kataluniako prozesuak? Eralda al dezakegu Euskal Herria behetik eta ezkerretik gure mugimendu zuri eta sozioekonomikoki integratuetatik? Nola findu borroka moldeak, aliantzak, gatazkak eta biolentziak? Zer nolako elkarrizketa askatzailea eraiki daitezke erakunde eta herri mugimenduen artean?"
2- Herri boterea eraikitzen jarraitzeko estrategiak partekatu eta adostuko dira. "Egungo egoera politikoarekin ados ez gaudenon sareak josi, aliantzak eraiki, borroka puntualak antolatu datorren udaberrirako".
3- Bizitza burujabetza landu da: Parte hartzaileek martxan dauden esperientzia komunitarioak ezagutuko dituzte, alor hauetan: elikadura burujabetza, etxebizitza, zaintza, energia, enplegua, finantzak...
4- Irailaren 23an ekimen kolektibo bat egingo dute. Aurrerago emango dute horren berri, egitarau zehatza argitaratzearekin bat.
"Bizitza erdigunean jarriko dugu", dio Lurralde Askeak. "Eremu antipatriarkala izango da, antikapitalista, komunitarioa, autoeratua eta autokritikoa, borrokalaria eta alaia".