argia.eus
INPRIMATU
Sorzabalen kasutik abiatuta, tortura ardatz duen ‘Bi Arnas’ dokumentala ostegunean Iruñean
  • Iratxe Sorzabal eta bere ama Mari Nieves Diazen arteko harremana da Bi Arnas dokumentalaren kontakizunaren ardatza. Iruñean proiektatuko dute ekainaren 2an. 19:00etan hasiko da, Golem zinemetan eta hori izango da Nafarroako aurkezpen saioa. Maiatzaren 22an estreinatu zuten Irunen, Iratxe Sorzabalen herrian.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko maiatzaren 30

"Historia honetan bi arnas kontatzen dira; Iratxe Sorzabalena eta Mari Nieves Diazena, bere amarena. Biek ala biek, bakoitzak bere modura, torturak eragiten duen arnas falta sufritu dute, beste hainbat sufrikariorekin batera. Lehenak, bere azalean pairatu du bizitzarekiko behin-behineko etena. Bigarrenak, berriz, bere parte izan zen alabaren gorputzean. Bi arnas ikusezin horiek ikustarazi nahi ditu historia honek, bi itolarri horiek, sufrimendu bikoitz hori. Kasu honetan, amaren ahotik eta bizipenetatik, baina alabak bere azalean sufritutakoa ardatz hartuta, eta ahal den neurrian Iratxeren ahotsa ere entzunaraziz", irakur daiteke dokumentalaren aurkezpen orrian.

Bordagorri produkzioak ekoitzia, Jon Mikel Fernandezen zuzendaritzapean, torturaz mintzatzen den lana ondu dute. ETAko kide izatea egotzita 2001ean Guardia Zibilak atxilotu zuenean Iratxe Sorzabalek pairatutako bortizkeria eta hori nola eraman duten jorratu dute dokumentalean. Gaur egun Reau-ko (Frantzia) espetxean dago preso.

Hala ere, ez da Sorzabalen kasura mugatzen eta tortura zabalago ere jorratzen dute Nekane Txapartegi iheslari ohiarekin, Paco Etxeberria forentsearekin edo Serge Portelli Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohi, abokatu eta torturaren kontrako ekintzailearekin eginiko elkarrizketen bidez. Tortura Euskal Herrian masiboki erabilitako errepresio mekanismoa izan dela azpimarratzen dute berau ikertu duten elkarrizketatuek.

Egileek adierazi dute beren helburua dokumentala ahalik eta gehien zabaltzea dela, eta datozen hilabeteetarako Euskal Herrian proiekzioak lotzen ari dira, baita atzerrian ere, izan Katalunian, Suitzan, Madrilen edo Alemanian.

Ikusi trailerra hemen: