argia.eus
INPRIMATU
Iratxe Sorzabalen aurkako euroagindua baztertu du Parisko Dei Auzitegiak, lehen aldiz tortura tarteko
  • Parisko Dei Auzitegiaren iritziz Espainiak euroagindua eskatzeko luzatutako informazioak ez ditu baztergarri egiten Sorzabalek salatutako torturak. Lehen aldiz ukatzen du euroagindu bat Parisek tortura kasuengatik.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 17a
(Argazkia: Dani Blanco)

Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal euskal presoaren aurka jarritako laugarren euroagindua atzera bota du Parisko Dei Auzitegiak. Azaroaren egin zen euroagindua aztertzeko auzi saioa, eta prokuradoreak sinesgarritasuna eman die Sorzabalen testigantzari eta beronen defentsak aurkeztutako informeei; Sorzabalek salatu egin zituen Espainian egin zizkioten torturak.

Salatutako torturak aintzat hartuta erabaki du auzitegiak euroagindua atzera botatzea, torturak tarteko dituen kasu baten aurrean halakorik egiten duen lehen aldia izanik. Sorzabalen aurkako aurreko hiru euroagindu eskaeretan ere tortura salaketak egon dira mahai gainean, baina laugarren eskaerara arte, horiek ez dira aintzat hartu. Defentsa abokatuak maiz salatu du Sorzabalen adierazpenak torturapean eginak direla.

Asteazkenean erabaki du auzitegiak euroagindua atzera botatzea, iritzirik Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako informazioak ez duela aurkezten elementurik Sorzabalek salatutako torturak gezurtatzeko.