argia.eus
INPRIMATU
Iratxe Sorzabal preso politikoaren absoluzioa eskatu dute Irunen
  • Iratxeren Bidasoaldeko Lagunak ekimenak deituta, dozenaka lagun kalera atera ziren atzo Iratxe Sorzabal preso politiko irundarraren absoluzioa eskatzeko eta behingoz etxera ekartzeko, torturak salatzeaz gain.

Angula Berria 2025eko otsailaren 25
Angula Berria / CC BY SA

Kontzentrazioaren amaieran irakurritako testua:

Datorren ostegunean Iratxe Sorzabal Diaz Irungo euskal preso politikoaren aurkako epaiketa berri bat abiatuko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean, martxoan egingo dioten beste bigarren epaiketa batez jarraipena emanez.

Berriz ere Iratxek, aurre egin beharko dio sekula guztiz sendatu ez den zaurian ziztada berriak bizitzera, berriz ere torturaren errealitate gordina bere gorputzaren barren barrenetik sentitu eta zauriak enegarren aldiz irekitzera, guztia nola ez Madrilgo Audientzia Nazionalean. Guzti hau nola ez, espainiar estatuan torturak duen zigorgabetasunaren lekuko izango delarik.

Iratxe 2001eko martxoaren 30ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Hernanin, eta haien esku pasatu zituen bost egun luze haietan bortizki torturatu zuten. Epaileak, baina, Iratxeren salaketei entzungor egin eta Soto del Real espetxera bidali zuen.

Garai hartan Iratxeren kasuak hautsak harrotu zituela oroitu beharra daukagu, non Jaurlaritzak berak argibideak eskatu zizkion Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak ikerketa abiatu zuen.

Edonola ere, Iratxek jarritako salaketak ibilbide laburra izan zuen epaitegietan.

Oraingo epaiketa honetan ere, bere aurkako froga bakarra komisarian torturapean egindako autoinkulpazioa izango da.

Honetan ere gogoratu behar da,lratxe frantses espetxe batean zegoela, defentsak hala eskatuta eta fiskaltzaren onarpenarekin, Iratxeri Istanbuleko protokoloa aplikatu ziotela.

Auzi mediku frantsesaren ondorioak argiak izan ziren: “Iratxeren kontakizunak sinesgarritasun osoa du eta torturen ondorioz estres post-traumatikoa du”.

Aurrekari hauekin, berriz ere, datorren astean Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaituko dute (atzo eta, euskal militante askorekin gertatu izan den bezala, torturapean lortutako autoinkulpazioetan oinarrituta zigor berri bat ezarri diezaiokete).

Hau guztia gainera, Euskal Herriko Torturatuen Sarea publiko egin den testuinguruan, eta dagoeneko euskal jendartean gero eta onartuagoa dagoen baieztapenaren baitan, hau da, Espainiako Estatuak tortura sistematikoki erabili izan duela hamarkada luze hauetan tresna politiko gisa.

Guzti honek oraindik agerian uzten du,Espainiako Estatuak mendeku-politika erabiltzen jarraitzen duela, gatazka politikoa konpontzeko inolako prestutasunik gabe.

Mendekuak ez dakar bakerik. Alderantziz, Euskal Herriarentzat bake eta elkarbizitza demokratikoan oinarritutako agertoki berri bat nahi badugu, preso politikoen auziari irtenbidea ematea premiazkoa da. Horregatik, ez du inolako zentzurik kartzetan euskal preso politikoak mantentzeko estrategiarekin jarraitzea.

Ukaezina da azken urteetan gatazkaren ondorioei konponbidea emateko ahaleginean izugarri aurreratu dugula, baina presoak dauden artean, gatazkaren oinarrian dagoen arazo politikoa konpontzea zailtzen da, irtenbide politiko eta demokratiko oro zapuztuz.

Espainiako Estatuak ederki daki hori eta, presoak ez ezik, euskal jendartea ere gatibu du kartzelak husten ez diren bitartean.

Bada garaia espetxeak hustu, preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria errealitatea bihurtu eta gatazkari aterabide politiko eta demokratikoa aurkitzeko.

Bukatzeko, besarkada bandi bana bidali nahi diegu Iratxe Sorzabal Diazi, bere senideei eta herri honetan torturatuak izan diren lagun-senide eta pertsona guztiei.