Réauko (Frantzia) espetxean zegoen Iratxe Sorzabal euskal preso politikoa epai zezaten urtarrilean aldi baterako Espainaratu aurretik. Etxeratek jakinarazi duenez hara eraman dute berriz ere.
Otsailaren 7an eta 8an egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean Iratxe Sorzabalen aurkako epaiketa. Horretarako Réauko espetxetik Espainiara eraman behar izan zuten. Otsailaren 22an eman zuten epaia, 24 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, Sorzabalek jasandako eta epaiketan kontatutako torturak zalantzan jarriz.
Mardilgo Estremerako espetxetik eraman dute Paris inguruko Réau espetxera, hegaldi komertzial batean, Etxeratek adierazi duenez. Frantziako Estatuan ezarritako zigorra amaitu bitartean egongo da bertan, udara bitartean. Espainiako Estatuan ezarritako zigorra bete beharko du ondoren.
2015ean David Plarekin batera Baigorrin atxilotu zutenetik dago preso Sorzabal. Orduan, 2001ean Hernanin Guardia Zibilak atxilotu zuenean pairatutako torturengatik Istanbulgo Protokoloa aplikatzeko eskatu zuen.
Mediku aditu batek ebatzi zuen tortura salaketek “sinesgarritasun osoa” zutela, eta trauma osteko estresa atzeman zion presoari. 2020ko abenduan Parisko Dei Auzitegiak bertan behera utzi zuen Sorzabalen aurkako euroagindu bat, prokuradoreak sinesgarritasuna eman zielako tortura testigantzei. Hirugarrenez eskatu ostean, baina, haren aurka Auzitegi Nazionalak jarritako euroagindu bat onartu zuen Frantziak.