argia.eus
INPRIMATU
Arriola Eako alkatea Urkulluri: “Pandemia hau erabiliko duzue baserritar txikiak gehiago zapaltzeko?”
  • Bizkaiko Ea herriko alkate Iratxe Arriolak sare sozialetatik zabaldu du salaketa gogor bat Eusko Jaurlaritzak baserritarrei beren produktuak azokan saltzea debekatu diela eta. Azken berrogei urteotan nekazaritza txikia laborantza industrialaren eta komertzio handiaren interesen mesedetan sakrifikatu izana aurpegiratu dio Iñigo Urkulluren gobernuari.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 10
Iratxe Arriola (EHBildu) Eako alkatea baserritarren azokak itxi izanak salatzen.

Eako alkate eta EHBilduko Bizkaiko batzarkideak uste du Urkulluren gobernuak EAEko baserritarrak beren produktuak merkaturatzeko Eroski, Uvesco eta Carrefourren gatibu utzi dituela, hain zuzen ere baserritar txikiei ez prezio aldetik eta ez gainontzeko aldetik baldintza duinak bermatzen ez dizkietenen esku.

Urkullu lehendakariari eta Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiari galdetu ostean "zein kontsumo eredu defenditzen duzue?", beste galdera zorrotz hauek egin dizkie: "Pandemia hau erabiliko duzue baserritar txikiak gehiago zapaltzeko eta kontsumitzaileen eskubideak gehiago murrizteko? Posible da El Corte Inglesera joatea eta azoka batera joan ezin izatea?".