argia.eus
INPRIMATU
Iratiko Oihana Biosfera Erreserba izendatu du UNESCOk
  • UNESCOk Munduko Biosfera Erreserben Sarea zabaldu du hamaika izendapen berrirekin, horien artean da Iratiko Oihana. Astearte honetan jaso dute diploma Zaraitzu eta Aezkoa ibarretako presidenteek Ariben. 

Leire Ibar 2024ko azaroaren 15
Iratiko Ohiana Europako bigarren pagadi handiena. Getty Images

Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dagoen basoa “edertasun naturalagatik eta garrantzi ekologikoagatik" izendatu du UNESCOk Erreserba. Europako bigarren pagadi handiena da Iratikoa, pagoz eta izeiz osatutako 537 kilometro koadro biltzen baititu.

Hilaren 12an jaso dute Biosfera Erreserbaren aitortza ofiziala, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuaren eskutik. Iratiren hautagaitza prozesuan paper erabakigarria izan dute kultur eta kontserbazio elkarteek bai eta emakume taldeek ere. UNESCOk jakinarazi duenez, komunitateak bultzatutako kontserbazio ahaleginen lekuko da Iratiko Biosfera Erreserba kudeatzeko plana. 

Aezkoako Batzarre Nagusiko lehendakari Karlos Buenok azaldu du kontserbazio arloan egindako lanak, bailarako “bizitza eta lana bultzatzeko” balio behar duela. Aitortzaren bidez 2.435 biztanleko eremu zabalak “garapen ekonomiko eta soziala” izatea espero du. 

759 munduan

Iratiz gain, UNESCOren azken bileran munduko beste hamaika gune izendatu zituzten. Hala nola, Kolonbian, Eslovenian, Filipinetan, Italian, Mongolian, Herbehereetan, Koreako Errepublikan eta Dominikar Errepublikan daudenak.  Gaur egun, Munduko Biosfera Erreserben Sarea 759 lekuk osatzen dute.