Iratiko eski estazioa, 1968an inauguratua, iraupen eskia egiteko aukera eskaintzen duen Ipar Euskal Herriko bakarra, itxi egingo dute datorren denboraldian, larrialdi klimatikoa dela-eta.
Iratiko Txaleten zuzendari Josy Arrossagaray-ren hitzetan, "eguraldia aldatzen ari da han goian". Azaldu du haize ufadek eta tenperatura aldaketek zaildu egiten dutela elurrarekin lan egitea, eta horregatik erabaki dutela pistak ixtea. 2021-22 denboraldian ere itxita izan ziren pistak, urtebete lehenago hiru egunez ireki zituzten, eta 2022-23an zortzi egunez baino ez.
Klima aldaketak behartuta iraupen eskia egiteko pistak itxiko dituzte, ez ordea erraketekin ibiltzekoak. Denboraldi berrian erraketekin egiteko moduko ibilaldiak antolatzen jarraituko dute, baita uda partean egin ohi dituzten beste jarduera batzuk ere, mendi txangoak eta tokiko eragileekin elkarlanean antolatutakoak ere, besteren artean, Arrossagarayk azaldu duenez Mediabask hedabidean: "Funtzio anitzeko talde bat dugu, eta tokiko eragileak lan eginarazi nahi ditugu, bide bat izan nahi dugu haientzat. Adibidez, euskarazko mendi ateraldiak eskaintzeko gai izan nahi dugu". Gehitu du, Iratiko Txaletetako lanpostuei dagokienez, etxolen arduradunarentzat ez duela eraginik izango.
Elur artifiziala, ezinbestekoa
Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiaren (OPCC) arabera, elur artifizialik gabe mendilerroko estazioen %63k itxi egin beharko luke hemendik urte batzuetara, eta hura baliatuta ere, hirutik baten patua desagertzea da, hegoaldera eman edo garaiera baxuenean dauden horiena bereziki. Espainiako Estatuan, sei eski estazio handienen (Pirinioetako bosten eta Sierra Nevadakoaren) pisten %52 elur artifiziala sortzeko kanoiekin hornituak daude, Ballena Blanca elkarteak plazaratutako txostenean jasoa dagoenez. Datua hauek eta askoz ere gehiago topatuko dituzue Kirola eta klima larrialdia erreportaje luzean (ARGIA 2.879).