argia.eus
INPRIMATU
‘Irati’ pelikula EiTBren Primeran plataformara heldu da
  • Euskarazko film batek inoiz zineman izan duen ikusle kopururik handiena du Irati filmak: 160.000 pertsona.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urriaren 08a
'Irati' filmeko fotograma bat. Irati pertsonaia gorpuzten du Edurne Azkaratek.

Doan ikusi ahal da orain Irati filma, urte eta erdi Amazon multinazionalaren plataforma digitalean egon ondotik. EiTBren Primeran plataforman, dena den, erregistratzea nahitaezkoa da.

VIII. mendean girotua dago pelikula. Kristautasuna Europan hedatzen hasia da eta sinesmen paganoak desagertzen; erdibide horretan, Iratiko basoan, odolezko itun bat gertatuko da: haraneko buruzagiak antzinako jainkosa bati laguntza eskatuko dio, eta horrek, bueltan, etsaia garaituko du, trukean bere bizia emanez.

Paul Urkijok zuzendu eta Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate aktoreak ditu protagonista Irati pelikulak. ARGIAn azala eskaini genion, eta Azkarate eta Urkijo elkarrizketatu genituen. Baita Gorka Lazkano ere: euskara egokitu du pelikularako, VIII. mendera, hizkuntzaz ezertxo ere jasota ez zegoen garai batera.

Paul Urkijo, Gaua prestatzen

Sitgeseko zinema jaialdian aurkeztu du proiektua Urkijo zinegile arabarrak: Gaua.

XVII. mendean egongo da girotua, eta Irati-ren eta Errementari-ren antzera, fantasiaren eta errealitate historikoaren artean murgilduko da, zehazki, euskal mitologiaren gaueko munduan. Sorgin-ehiza kontatuko du. Kattalin izango da protagonista. Baserritik irtengo da gau batez, senarrarengandik ihesi. Baso ilunean galduko da, eta atzetik zerbait daukala igarriko du. Bide horretan hiru emakume maitagarri topatuko ditu, arropa garbitzen ari direla, ipuinak eta esamesak kontatzen.

2025aren hasieran abiatuko dituzte filmatze lanak, Euskal Herriko hainbat tokitan.