argia.eus
INPRIMATU
Irati haurra gurasoekin uzteko eskatu dute Bilbon
  • Jira eta Bira Irati gurasoekin Euskal Herrira kalejira burutu da larunbat honetan Bilbon, Arriaga Plazatik Areatzara. Zaballako espetxean familientzako modulu misto bat edo zaintzapeko pisu bat prestatzea eskatu da, Irati haurrak bere gurasoekin bizitzeko aukera izan dezan.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 08a
Argazkia: Irati Gurasoekin Euskal Herrira

Irati Aranjuezko espetxean bizi da amarekin, aita ere bertan dago baina beste modulo batean. Martxoaren 8an Iratik 3 urte beteko ditu eta espetxea uztera derrigortuta egongo da. Bere gurasoengandik aldenduko dute. Erantzun bezala, Irati gurasoekin Euskal Herrira dinamika sortu da eta azken hilabeteetan hainbat ekimen burutu dituzte: Iratiren eskubideak aldarrikatu haurren nazioarteko egunean, prentsaurrekoak, Olentzero eta Mari Domingiren opariak eraman Zaballako espetxera…

Irati gurasoengandik aldentzeko hilabete falta dela, Bilboko Arriaga Plazan hasita kalejira egin da larunbat honetan, euria goian-behean izan arren ez du ekimena zapuztu eta Irati Zapirain Etxebarria haurraren eta motxiladun umeen eskubideak aldarrikatu dituzte. Musika, dantza, buruhandiak eta suziriak izan dira, proposamenak eta errebindikazioa festa giroan eginez. 

Eztizen Artola, Irati Gurasoekin ekimenaren partaidea eta bera ere motxiladun umea izandakoa, bertaratu zen ekimenera. Aldarrikapenak betegarriak direla eta eskumenen transferentziarekin urrats nahikoa egiten ari direla nabarmendu zuen.

Yogurinha Borova eta Katixa Agirrek ere parte hartu zuten ekimenean. Lehenengoak, dantzan jarri zituen larunbatean Bilbora hurbildu zirenak eta Agirrek umeen eskubideak aldarrikatzeko hurrengo hitzak erabili zituen: "Umeei min emateko modu asko daude egun. Gauza bakarra dute beharrezkoa: gurasoen maitasuna eta babesa. Iratik ezin duenez ahotsa altxatu, hemen dauka gurea".