argia.eus
INPRIMATU
Irati gurasoekin eta Euskal Herrian nahi dutela aldarrikatu dute Bilbon
  • Bi urteko Irati motxiladun haurraren aldeko mobilizazioa antolatu zuen Irati Gurasoekin Euskal Herrira ekimenak larunbatean Bilbon. Aranjuezeko espetxean bizi da Irati, bere bi gurasoekin. Familia osoa Arabako Zaballa espetxera ekartzea eskatu dute.

     

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 15a
Argazkia: eitb.eus.

Ekitaldian Irati haurraren eta haien gurasoen egoera azaldu zuten antolatzaileek. Euskal Herritik ehunka kilometrora bizi dira hirurak, Aranjuezeko kartzelan, sakabanaketak dakartzan arrisku eta eragozpen guztiekin –gastu ekonomikoa, inguru hurbilarekiko urruntzea, errepidean istripuak izateko arriskua...–. Koronabirusak presoen baldintzak oro har okertu dituela salatu dute, eta Iratiri eta beren senideei kalte berezia ekarri ziela. Konfinamendua ezartzen aiton-amonekin zegoen Irati, espetxetik kanpo, eta segurtasun neurriak direla eta, bi hilabetez egon da gurasoengandik urrun. Orain berriz ere elkarrekin daude hiruak. Martxoaren 2021ean, ordea, hiru urte beteko ditu haurrak: legearen arabera adin horrekin gurasoengandik banandu eta espetxetik kanporatu behar dira haurrak.

Irati Gurasoekin Euskal Herrira ekimenetik, gaurdanik Irati eta gurasoak Zaballako kartzelara hurbiltzea aldarrikatu zuten. Arabako espetxea moldatzea eskatu zuten ere, modulu mistoa zabalduz besteak beste, haurren zein gurasoen eskubideak bermatu daitezen.

100 motxiladun haur baino gehiago

Euskal preso politikoen 100 seme-alaba baino gehiagok dute gurasoetako bat kartzelan, eta hamabost dira biak espetxeratuak dituztenak. Ekitaldian haur horiek aitak edota amak ikusteko ehunka kilometro bidaiatu behar dituztela salatu zuten, sakabanaketaren amaiera exijituz. Ekitaldian Onintza Enbeita bertsolariak, Ane Zabala aktoreak edo Porrotx pailazoak hartu zuten parte, besteak beste.

Porrotxek Onditz Euskal Irrira ekimena izan zuen hizpide, 20 urte direla abiatutako ekimen herritarra Onditz haurra eta bere ama presoa Euskal Herriratu zitzaten. Hainbeste urteren ondoren bidegabekeria batzuk ez direla aldatu azpimarratu zuen pailazoak, eta horien aurka borrokatzera deitu zituen bertaratutakoak: “Euskal presoak etxean behar ditugu orain. Hortzak erakutsi behar ditugu, irri egiteko. Irria eta borroka uztartuz bultzada eman behar diegu giza eskubideei”.