argia.eus
INPRIMATU
Irati Elorrieta, Asisko Urmeneta eta Patxi Zubizarretaren lanek lortu dituzte Euskadi Sariak
  • Euskarazko literatura, haur literatura eta literatur lanen ilustrazioa kategorietako sariak jakinarazi dituzte. Azaroaren 18an izango da sari banaketa, Donostiako Tabakaleran.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 02a
Irati Elorrieta 'Neguko argiak' aurkeztu zuen egunean (argazkia: Jagoba Manterola / Foku).

Irati Elorrietaren Neguko Argiak lanak (Pamiela) lortu du Euskadi Literatur saria. Liburuaren harira elkarrizketa egin zion ARGIAn Gorka Erostarbek: "Ikusgarritik ihes egiten duen zerbaiti forma emateko tema bezala ulertzen dut literatura". Hamar urteren ostean kaleratu zuen bere bigarren nobela hau Elorrietak, 2018 bukaeran.

Asisko Urmenetaren Aztihitza: Xahoren biografia komikiari emango diote ilustrazio onenaren saria. Joanes Etxebarriak Ipar Euskal Herriko Hitzarako elkarrizketatu zuen Urmeneta, liburuaz. Asisko Urmeneta urte luzez izan da kolaboratzaile ARGIAn, eta ilustrazio ugari egin ditu urte horietan guztietan.

Patxi Zubizarretak eskuratu du haur literaturari dagokion saria, Korri, Kuru, Korri! lanagatik (Ibaizabal). Xabier Etxaniz Erlek liburuaren kritika egin zuen ARGIAn: "Jirafa bat korrika".

18.000 euroko saria jasoko du bakoitzak. Gainerako sarituak (gaztelaniazko literatura, saiakera euskaraz eta gaztelaniaz, eta euskarazko literatura itzulpena) bi aste barru iragarriko dituzte.