argia.eus
INPRIMATU
IRAren izena darabilen talde batek aldarrikatu du duela bi asteko Derryko bonba-autoa
  • Eztanda gertatu baino lehen patruilako agenteek ibilgailu susmagarri bat ikusi zutela azpimarratu du Ipar Irlandako poliziak. Leherturiko bonba-autoarekin ustez erlazioa zuten bost susmagarri kargurik gabe aske geratu dira dagoeneko.

Iñigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 30
Derryn (Irlanda) lehertu zen autoa kiskalita eztandaren ostean. Argazkia: @irish_news

Urtarrilaren 19an Derry hiriko auzitegiaren aurrean lehertu zen bonba autoaren erasoa bere gain hartu du talde batek IRAren izenean, Irish News egunkarian irakur daitekeenez.

Derry Journal egunkarian argitaraturiko oharrean, IRAk adierazi duenez, “britainiarrekin elkarlanean ari direnek berehala utzi beharko dute beraien  kolaborazioa, ohartarazpen gehiago ez baitira emango”. “Koroaren langile, indar armatu eta ezarpen inperialaren aurka erasoan jarraituko dugu” gaineratu du.

Lehergailua eta hiriko ondorengo istiluak New IRA izeneko taldearekin erlazionatu ziren hasiera batean. Erasoa gertatu eta egun gutxira, ibilgailua lehertu baino minutu batzuk lehenago bertatik pasa zen gazte talde baten irudiak argitaratu zituen Ipar Irlandako poliziak.