argia.eus
INPRIMATU
Irantzu Idoate Funosasek irabazi du Euskal Herriko Eskolarteko txapela
  • Ekainaren 18an Iurretan jokatu zen aurtengo Eskolarteko Txapelketa. 180 entzule inguru elkartu ziren Euskal Herri osoko 14-18 urte arteko hamabi bertsolari gazteak entzutera. Hazparneko Irantzu Idoate Funosas izan da txapelduna eta Maddi Agirre gasteiztarra txapeldunordea.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2022ko ekainaren 21

Hamabi bertsolari hauek aritu ziren kantuan, lehendik nor bere lurraldeko txapelketan nabarmendu ostean: Arabatik Maddi Agirre (txapelduna) eta Danel Herrarte (txapeldunordea); Gipuzkoatik June Aiestaran (txapelduna) eta Jon Mendiluze (txapeldunordea); Bizkaitik Izaro Bilbao (txapelduna) eta June Diaz (txapeldunordea); Nafarroatik Beñat Astiz (txapelduna) eta Eki Mateorena (txapeldunordea); eta Xilabatik Haira Aizpurua (txapelduna) eta Irantzu Idoate (txapeldunordea).

Saio osoa egin zuten sei bertsolariak

Hamabi gazteek saioari hasiera emanik, bigarren zatira sailkatu ziren erdiak: Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre. Azkenik, Irantzu Idoatek lortu du 2022ko Euskal Herriko Eskolarteko txapela eta Maddi Agirre izan da txapeldunorde. Unai Iturriaga bertsolariak jantzi dio garaikurra txapeldunari.

Hemen ikusentzun daiteke Irantzu Idoate txapeldunaren agurra:

Gaur frogatu da zazpi xokoak

bat eta bera direla

gaur bai duela Euskal Herriak

soinean jarri txapela

kantuz entzun da bihotz mindua,

buru hotz, begi umela

oraindik segi beharko dugu

gaur arte egin bezela

gure oihuek bertso doinutan

lekua har dezatela.

34. aldia izan du Eskolartekoak

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen dute Eskolarteko Txapelketa. Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten Iurretako udalaren laguntza ere izan dute.

"14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea du helburu Eskolartekoak. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira bat-bateko txapelketaz gain: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketa, adibidez", adierazi du Bertsozale Elkarteak.