argia.eus
INPRIMATU
Irantzu Gallastegi eta Gregorio Eskudero euskal presoak Euskal Herriratu dituzte
  • Asier Borrero da Euskal Herriratzeko falta den preso bakarra. Haren gerturatzea iragarrita dago, eta horrekin Sarek bukatutzat eman zuen sakabanaketa politika. Garikoitz Etxeberria Zaballako espetxera hurbildu zuten eta gose greban dago, eta Faustino Marcos Euskal Herriratu aurretik utzi zuten aske.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 24a
Gallastegi Zaballara ekarri dute, eta Eskudero Martutenera. (Argazkia: Europa Press)

Irantzu Gallastegi eta Gregorio Eskudero euskal presoak Euskal Herriratu dituzte. Gallastegi berangoarra Estremerako espetxetik Zaballara ekarri dute, eta Eskudero oriotarra Dueñastik Martutenera.

Sarek eta Etxeratek sakabanaketa politika bukatutzat eman zuten Espainiako Gobernuak bost presoren Euskal Herriratzea iragarri ondoren; horien artean zeuden Gallastegi eta Eskudero.

Garikoitz Etxeberria lizartzarra ere gerturatu dute jada Zaballako espetxera, eta gose greban dago ostiraletik, ziega partekatzeari uko egiteagatik bakartu egin baitute. Faustino Marcos donostiarra, berriz, Euskal Herriratu aurretik utzi zuten aske, zigorra osorik beteta. Asier Borrero algortarra da oraindik Espainian espetxeratuta dagoen presoa.

Igandean Etxeratek agerraldia egin du Bilbon, salbuespen legeak "behin betiko" desager daitezen eskatzeko.