argia.eus
INPRIMATU
Irango protesta anitzen bideo biralak
Elizgizonei turbantea kentzeko jolasak, kaleko dantzak ala emakume eta gizonen arteko hesiak botatzea
  • Irailean Irango Poliziak Mahsa Amini hil zuenetik herritarren protestak ugaritu egin dira kalean zein sareetan. Umorez ere erantzun diote estatuaren jazarpenari: elizgizonei turbanteak kentzeko mugimendua hasi dute.

Lide Iraola 2022ko azaroaren 09a
Iranen elizgizonei turbantea kentzeko mugimendua hasi dute protesta gisa.

Irango erregimenak indarrez erantzun die haren aurkako protestei. Irailaren 16an poliziak Mahsa Amini hil zuenetik areagotu egin dira matxinadak, eta segurtasun indarrek berrehundik gora manifestari hil dituela salatu dute giza eskubideek aldeko erakundeek. Herritarrek kalera ateratzeari utzi ez badiote ere, sare sozialak ere protestarako bide nagusi bihurtu dituzte. '#mahsaamini' etiketa 250 milioi aldiz baino gehiagotan zabaldu da persieraz, eta 50 milioi baino gehiagotan ingelesez, BBC hedabideak jaso duenez.

Iranen erresistentziarako existitzen diren hedabide bakarrenetakoak dira sare sozialak. Umoretik jo dute kasu batzuetan; esaterako, elizgizonei turbantea kentzeko "jolasa" zabaldu dute. Kleroak botere handia du Irango agintean.

Amini beloa “oker jantzita” eramateagatik atxilotu eta torturatu zuten, eta hortaz, protesten sinbolo bilakatu da emakumeek nahitaez jantzi behar duten zapia. Askok kendu egin dute publikoan, eta beste askok ilea moztu dute. Hortaz gain, kalean dantzan ageri diren irudiak zabaldu dira, Iranen debekatuta baitago halakorik, tradiziozko dantzak ez badira, behintzat.

Bestetik, pasa den urriak 30ean Iran hegoaldeko Bandar Abbaseko unibertsitate bateko ikasleek emakumeak eta gizonak banatzen zituen kafetegiko horma bota zuten, “askatasuna” oihukatzen zuten bitartean.