argia.eus
INPRIMATU
Iranen aurkako jarreran, “aukera guztiak mahai gainean” daudela berretsi dio Obamak Netanyahuri
2012ko martxoaren 06a
Iranen aurkako aliantza berretsi dute Israelek eta AEBek. Getty

Bien arteko aliantzak sendo jarraitzen duela argi utzi nahi izan zuten arren, Netanyahuk adierazi zuen "bere patuaren jabe" dela Israel eta prest dagoela bakarrik erasotzeko Iran, "edozein mehatxuren aurrean bere kabuz defendatzeko gaitasuna" izan behar duelako Israelek. Aldiz, Obamak errepikatu zuen oraindik diplomaziaren bideari eusteko aukera dagoela, gerran sartu aurretik.

"Denok dakigu israeldarren ikuspuntutik onartezina dela arma nuklearrak dituen eta Israel suntsitzearen alde dagoen herrialde bat egotea", esan zuen Obamak. Hala ere, AEBek Israelen segurtasunarekin duten konpromisoa "harkaitza bezain sendoa" dela gaineratu zuen Obamak, eta "aukera guztiak mahai gainean" daudela.