Astearte gauean Iranek ehunka misilekin egin dio eraso Israeli. Base militar eta azpiegitura energetikoen aurka zuzendu du erasoa. Gutxienez zazpi pertsona hil dira erasootan, CNNn irakur daitekeenez. Ez dago garbi Israelgo defentsa sistema zenbat misil neutralizatzeko gai izan den, baina argi geratu da Iranen abisurik gabeko erasoak erraz gainditu duela defentsa sistema hori.
Astearte gauean Iranek erantzun egin dio Israeli, azken hilabeteetan bere estatuan Hamas, Hezbollah eta Guardia Iraultzaileko kideak hiltzeagatik. Israelgo militarrek adierazi dute 200 misil inguru bota dituztela. Ia Israel osoko herritarrak bunkerretan sarrarazi dituzte militarrek, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa bera ere bunker batera korrika joaten ikus daitekeen bideoa zabaldu du Israelgo lehen ministroak. Gazan milaka herritarrek ospatu egin dute Iranen erasoa Israelen aurka.
Irango atzerri ministro Abbas Araghchik jakinarazi du AEBei esan ziotela ez esku hartzeko Iran eta Israelen arteko gatazkan, Suitzak Teheranen duen enbaxadaren bidez helarazi ziotela erantzun egingo ziotela Israeli beren lurretan egindako atentatuengatik. Israelek eraso egiten jarraitzen badie, "are indartsuago" erantzungo dutela ohartarazi du Iranek.
AEBetako presidente Joe Bidenek esan du “erabat babesten” dutela Israel eta erantsi du erantzunaz hitz egingo duela Netanyahurekin.