argia.eus
INPRIMATU
Iranek bidalitako lehen petrolio-ontzia heldu da Venezuelara
  • Koronabirusaren krisiak gogor jo du Venezuelako ekonomia. Munduko petrolio erreserba altuenak dituen estatuak, ez du erregai nahikorik bere herritarrentzat. Iranek bost petrolio-ontzi bidali ditu Karibeko herrialdera, AEBetako armadak ontzi horiek geldiaraziko dituen mehatxupean. Momentuz, lehenengoa Venezuelako uretara heldu da.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 25
Iranek bidalitako lehen petrolio-ontzia heldu da Venezuelara. Argazkia: RT.

Egoera larria da Venezuelan. Munduan petrolio erreserba altuenak dituen herrialdea izanik ere, krisi ekonomikoaren eraginez, petrolioaren ekoizpenak galerak baino ez dizkio ekarri estatuari. Horrek eragin zuzena du herrialdearen funtzionamenduan, petrolio esportazioetan oinarritzen den herrialdea izaki, ekonomia geldiarazi baitu krisiak.

Ekonomian eta osasunean soilik ez, nazioarteko diplomazian ere arazoak sor ditzake koronabirusak. AEBren eta Iranen arteko ohiko tentsioek gora egin dute Iranek Venezuelari petrolio-ontziak bidaliko zizkiola jakinarazi zuenean. “Inplikatuei, beste inori ez dio axola gai honek”, erantzun die mehatxuei Ali Rabi Iraneko Gobernuko bozeramaileak.

Petrolio-ontziak geldiaraztekotan, AEBek zenbait itsasontzi bidali dituela jakinarazi zuten zenbait mediok. Isun berriak jarriko zituztela ere aipatu zuten beste batzuek. Iranek adierazi du petrolio-ontziei ezer pasatuz gero, Ormuzeko itsasartean maniobra militarrak abiaraziko dituela. Itsasarte hori, munduko garrantzitsuenetakoa da, Ekialde Ertaineko petrolio ekoizleak batzen baititu. Han ekoiztutakoa mundu osoko merkatuetara zabaltzen da, horien artean AEBetara.

Venezuela, bere aldetik, esker oneko agertu da Iranekin; eta itsasontziak Venezuelako uretan sartutakoan “babestu” egingo dituela adierazi du. Lehenengo itsasontzia jada herrialdeko uretan sartu da.

Partida estrategikoa

Venezuelak Iranen “laguntza” eskertu badu ere, Iranek irabaziak izango ditu bost itsasontzi horiengatik. Venezuelak ordainetan bederatzi urre tona emango dizkiola kaleratu dute zenbait mediok. Beste bazuk urre mehategien esplotazioa eskuragarri utziko diola kaleratu dute. Iranek ezeztatu egin ditu datuak.

Baina itsasontziengatik jaso dezakeen zuzeneko ordainsariaz gain, Hego Amerikako lurraldean sartzea geopolitikoki estrategikoa da Iranentzat. AEBtako orbita geografikoan sartzea lortu du, eta munduko petrolio esportatzaile handiena den herrialdearekin, Venezuelarekin, harremanak sendotzea.

AEBtako “enbargoaren” bi biktima

Iran eta Venezuela, bakoitza bere aldetik, petrolioaren industriaren bi zutabe garrantzitsu dira. Bi herrialdeek dituzte harreman kaltetuak Washingtonekin, biei debekatu baitie petrolioaren salmenta. Petrolioari lotutako isun ekonomiko altuak dituzte bizkargain bi herrialdeek, AEBtako Gobernuak jarrita.

Martxan jarritako operazio berriak bi estatuei soilik ez, AEBtako kanpo-politikak isuna jarritako beste aktore bati ere onurak ekarriko dizkio. Mahan Airwaysek, Siriako gerran izandako paperagatik AEBek isuna jarritako airelineak, Venezuelara hainbat bidai egin dituela jakinarazi dute; Venezuelako Paraguanako planta petrokimikoa martxan jartzeko makinaria eramateko.