argia.eus
INPRIMATU
Etxebarrietaren heriotzaren 50. urteurrenean bere liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute
  • Etxebarriaren Los vientos favorables liburua irakurriko dute belaunaldi ezberdinetako zenbait abokaturen artean. Etxebarrieta Memoria Elkarteak antolatutako irakurketa larunbateko 9:00etan hasiko da Etxebarrieta Anaien plazan (Bilbo), eta 13:45ean ekitaldia egingo dute. 

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 31
Memoria elkarteak ekitaldian parte hartzeko deia egin diete euskal askapen prozesuaren baitan defentsa lanetan ibilitako abokatuei(Argazkia: Etxebarrieta Memoria Elkartea)

50 urte beteko dira apirilaren 3an Jose Antonio Etxebarrieta ETAko buruzagi eta abokatua hil zenetik. Abokatuen lana omentzeko Etxebarrietaren Los vientos favorables liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute larunbatean, Etxebarrieta Memoria Elkarteak antolatuta. Bilboko Etxebarrieta Anaien plazan izango da, hots, Jose Antonio eta Txabi Etxebarrietaren izena daraman plazan, 9:00etan hasita. 13:45ean, berriz, ekitaldia egingo dute. 

Irakurketan belaunaldi ezberdinetako hamarnaka abokatuk hartuko dute parte, eta abokatua ezagutu zuten "hainbat izen esanguratsu" ere izango dira ekimenean, memoria elkarteak aurreratu duenez. 

Hauek dira parte hartuko duten abokatuetako batzuk: Miguel Castells, Pedro Ibarra, Francisco Letamendia Ortzi, Jone Goirizelaia, Arantza Zulueta eta Alfonso Zenon. Horrez gain, egunean bertan izango dira Kepa Enbeita, Jone Dorronsoro, Itziar Aizpurua, Ramon Zallo, Petxo Idoiaga, Tasio Erkizia eta "beste hainbat izen esanguratsu".

Memoria Elkartea "hunkituta" agertu da ekimenak izan duen harrerarekin, eta ohar bidez ekitaldian parte hartzeko deia egin diete euskal askapen prozesuaren baitan defentsa lanetan ibilitako abokatuei.