argia.eus
INPRIMATU
Irakurketa errazeko euskarazko lehen taldea arrakastatsu abiatu da Iruñerrian
  • Irakurtzeko edo euskara ulertzeko zailtasunak dituzten Iruñerriko literaturzaleek hitzordua dute hilean behin: irakurterrazago izan daitezen egokitu diren liburuak denen artean leitzen dituzte saioan bertan eta elkarri laguntzen diote. “Norbaitek ez badu ulertu, ingurukoei eskatzen diegu pasartea azal dezatela”. Euskalerria Irratian kontatu dute.

ARGIA @argia 2023ko apirilaren 11
"Sozializatzeko, elkarri laguntzeko… aproposak dira talde hauek eta ez dira soilik hizkuntzarekin edo irakurketarekin zailtasunak dituztenentzat". Argazkia: Euskalerria irratia

Hamabi kiderekin jarri dute martxan euskarazko irakurketa errazeko Iruñerriko lehen taldea, eta ez zutela hainbeste jende espero azaldu du Edurne Orce dinamizatzaileak irratian; “gehiago ere ez dira komeni, guztiek parte hartzeko, guztiek ulertu dutela bermatzeko, ongi dinamizatzeko…”.

Irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak dituztenentzat testuak egokitzeko metodoari deitzen zaio irakurketa erraza: “Esaldi luzeak, hitz korapilatsuak… moldatzen dira, baina istorioa ez da aldatzen”. Liburu egokituen merkatua oparoa da eta Iruñeko liburutegi nagusian, adibidez, euskarazko irakurketa errazeko 20-40 ale inguru daude, Orceren hitzetan.

Literaturzaletasunak batzen ditu, baina anitza da Iruñerriko taldeko parte-hartzaileen profila: 22 urte ditu gazteenak, jubilatuta daude zaharrenak, emakume eta gizon, bietatik dituzte; batzuek adimen desgaitasuna dute eta irakurtzeko zailtasunak dituzte, beste batzuk euskara ari dira ikasten eta hizkuntza ulertzeko zailtasunak erakarri ditu taldera. Nafarroako Liburutegian biltzen dira hileko azken ostiraletan, goizeko 9:00etan. “Zenbat eta jende gehiago animatu, orduan eta talde gehiago sortuko ditugu. Sozializatzeko, elkarri laguntzeko… aproposak dira talde hauek eta ez dira soilik hizkuntzarekin edo irakurketarekin zailtasunak dituztenentzat, edonork parte har dezake”, nabarmendu du Orcek.

Ez dute ohiko irakurle taldeen dinamika: ez dute etxean irakurtzen eta taldean komentatzen, saioan bertan irakurtzen dute liburua, txandaka

Nahid liburua ari dira irakurtzen, eta ez dute ohiko irakurle taldeen dinamika: ez dute etxean irakurtzen eta taldean komentatzen, saioan bertan irakurtzen dute liburua, txandaka. “Norbaitek ez badu zerbait ulertu, ingurukoei eskatzen diegu azal dezatela”.

Taldean dabilen lagunetako bat ere izan da Euskalerria Irratian: Bernarda Urra. “Semeak euskaraz daki eta euskaraz irakurtzen dituen liburuak hartzen dizkiot batzuetan, baina hainbatetan euskaraz irakurtzea zaila egiten zait, eta talde honen bidez hasi naiz liburuak moldatuta aurkitzen”.