Jasan dituen gerren ondorioz, Irakeko osasun sistema jota dago eta koronabirusaren epidemia bati ezingo lioke aurre egin. Hala ohartarazi dute agintariek.
Krisi politiko eta ekonomiko baten erdian, larrituta hitz egin du Jaafar Allaoui Osasun ministroak. Epidemia zabalduko balitz, Irakentzat guztiz suntsitzailea litzatekeela adierazi du. Lau hamarkadatan jasandako gerrek, 2003an estatubatuarrek inbaditu ostean Estatuak pairaturiko kolapsoak eta horren ostean sorturiko Estatu Islamikoak egoera zailean utzi dute herrialdea. Gainera, Iranek eta AEBek bien arteko gerra ezkutuari eusten diote Iraken barruan.
Etxeratze agindua eta bidaiatzeko debekua
Otsailaren 23an antzeman zuten lehenengo Covid-19 kasu positiboa Iraken eta martxoaren 15ean etxeratze agindua jarri zuten indarrean. Herrialdean bidaiatzea ere debekatuta dago orduz geroztik, baina kutsatze masiboaren beldur dira agintariak, txiiten erromesaldiek edo oposizioaren manifestazioek ez baitute etenik, adibidez.
Osasun ministroak, egoera ikusita, bost milioi dolarreko larrialdi laguntza eskatu zuen. Gobernuak, baina, ezetz erantzun dio: ez dago dirurik horretarako.
Mediapart-ek argitaraturiko artikulu honetan aurkituko duzu Iraken egoerari buruzko informazio osatuagoa.