argia.eus
INPRIMATU
Irakeko protestetan ia 500 hildako eta 120 bahitu zenbatu ditu NBEk
  • 2019ko urritik 2020ko martxoaren 21era 490 hildako, 7.793 zauritu eta 123 bahiketa egon direla salatu du NBEk. 2019ko urrian hasi ziren protestak Iraken, gobernuaren dimisioa, parlamentuaren desegitea eta sistema politikoaren erreforma helburu. Lehen ministro ohiaren dimisioaren ostean, Mustafa Al Kadhimi lehen ministro berriak polizia gehiegikeria aztertuko duela hitz eman du.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 25a
Irakeko protestak.

Urritik gora egin zuen tentsioak Iraken, abenduan orduko lehen ministroak, Adel Abdel-Mahdik, dimisioa eman zuen arte. Manifestazioei poliziaren errepresio bortitzak erantzuten zien, eta NBEk larunbatean kaleratutako txostenean, NBEk erantzukizunak eskatu dizkio Iraki.

Urte eta erdiko paralisi politikoaren ostean, Mustafa Al Kadhimi lehen ministro berriak polizia gehiegikeria kasuak aztertuko dituela adierazi du; baita manifestariekiko bortitzak izan ziren talde paramilitarrak ere. Horrez gain, kartzelaratuta dauden ekintzaileak askatuko dituela hitz eman du.

Luzaroko krisi politikoa

2003az geroztik, herrialdea geopolitikaren krisi betean izan da. AEBetako armadak herrialdea inbaditu eta Sadam Husseim (nazionalista arabea, panarabista eta sozialista arabea) kanporatu zuen, herriari “askatasuna” helaraztekotan.

2005era arte trantsizioko gobernua eratu zuten, non AEBetako indarrek agintzen zuten. Gerora, mendebaldeko potentzien interesak defendatzen zituzten gobernuak etorri ziren. Tentsioa hazi egin zen eta 2014tik 2017ra gerra zibila egon zen.

2019ko protestek pausu berri bat emanarazi zioten gobernuari, lehen ministroaren dimisioa bultzatu baitzuen. Dena den, inbasioaz geroztik AEBen laguntzarekin sortutako poliziaren indarkeria gehiegizkoa izan dela salatu du NBEk. Emandako datuak baino kasu gehiago izan direla uste dute Irakeko giza eskubideen aldeko taldeek; 550 hildako zenbatu ditu Irakeko Giza Eskubideen aldeko Goi Komisionatu Independenteak (IHCHR). 660 direla uste du Irakeko Gerra Krimenen Dokumentazioko Zentroak.