argia.eus
INPRIMATU
Irakeko Parlamentuak Kurdistanen kontrako neurri militarrak hartu ditu, erreferendumeko %92ko baiezkoa zigortzeko
  • Irakeko Parlamentuaren arabera, “konstituzioaren kontrakoa eta baliogabea da” astelehenean Hego Kurdistanek egindako independentzia erreferenduma. Hainbat indarrezko neurri hartzeko eskatu diote lehen ministroari, Kirkuk-eko eskualdearen kontrola bereganatzea barne.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 29a

Turkia, Iran eta Siriaren laguntza eskatu du Irakek, mugak itxi eta Hego Kurdistango petrolioa eros ez dezaten eskatuz. Gainontzeko estatuei, Kurdistanen dituzten kontsulatuak ixteko eskatu diete ere.

Erreferendumaren behin betiko emaitzak ez dituzte aintzat hartuko

3.085.935 lagunek bozka eman zuten arren, inguruko herrialdeek ez dituzte emaitzak aintzat hartuko. Hego Kurdistango Hauteskunde Batzordearen arabera, %72ko parte hartzea izan du erreferendumak, baiezkoen %92rekin.

Hego Kurdistango presidente Barzanik berehalako independentziarik iragarriko ez dutela esan ostean, negoziazio luzeetarako deia egin zuen pasa den astean, “hainbat urte” iraungo lukeena. Ordea, Irakeko Parlamentuak erreferendumeko emaitzak kontuan hartuko ez diren elkarrizketak egiteko prest dago bakarrik.

Turkiako lehen ministro Erdogan hitz gogorrez mintzatzen ari da hegoaldeko kurduen kontra. Gas eta petrolio hobiak mozteko mehatxua egin du eta abisatu die “Israeleko banderak eramateak ez dizuela lagunduko”. Herrialde horren sostengua bilatuko luke balizko Kurdistan independente batek