argia.eus
INPRIMATU
Irakeko lehen ministroak kurduekin independentzia erreferenduma negoziatzea onartu du
  • Irakeko lehen ministro Haider al-Abadi-k alderdi kurduak erreferendumari buruz hitz egitera gonbidatu ditu. “Erreferenduma gauzatzea zaila izango den arren”,  esan du kurduen erabakitzeko eskubidea errespetatuko duela.  

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 15a

Pasa den astean Hego Kurdistango Alderdi kurduen artean irailaren 25ean independentzia erreferenduma egitea adostu zuten. Iraken erantzuna lehen ministroak berak eman du astero egin ohi duen agerraldian.

“Bide orria” adosteko bilera proposatu du Abadi-k. Bere esanetan, erreferenduma ez da egokiena Ekialde Hurbilean eta Iraken dituzten arazoak areagotu ditzakeelako. Baina onartu du kurduekin konpontzeko hainbat gai potolo dituztela: petrolio sarrerak, mugen kontrola edo bi gobernuek aldarrikatzen dituzten Kirkuk edo Shengal eskualdeak.

Jarrera baikorra erakutsi du hala ere: “Anaia kurduen erabakia, eta bere aberri propioa izateko ametsa errespetatzen” dituela adierazi du.

Barzaniren gobernuak ez du oraindik erantzunik eman.