argia.eus
INPRIMATU
Irakasleen mezua familiei: “Grebaren arrazoiak ez dira ekonomikoak bakarrik”
  • Aiaraldeko hainbat irakaslek mezua igorri diete ikasleen guraso eta familiei, dagoen informazio zurrunbiloan, grebarako arrazoiak modu pertsonalean azaltzeak euren borroka eta lanuztea hobeto ulertzeko balioko dielakoan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko otsailaren 26a
STEILAS

“Greba honen arrazoiak azaldu nahi dizkizuegu, labur-labur”, dio gutunak, eta lau puntutan barnebildu dituzte EAEko hezkuntza publikoko irakasleek martxan dituzten mobilizazioen argudioak:

“Egungo burokrazia-maila handiak ito egiten gaitu, eta denbora baliotsua kentzen digu materiala prestatzeko eta gure ikasleen askotariko beharrei erantzuteko.

Funtsezkoa da irakasle eta PT gehiago izatea eta gela bakoitzean ikasle gutxiago egotea, horrek aukera ematen baitu zuen seme-alaba bakoitzaren beharrei modu eraginkorragoan erantzuteko.

Beharrezkoa da hezkuntza arloan langile gehiago izatea. Gure eskoletan psikologoak, gizarte langileak eta erizainak behar ditugu, baita beste erakundeekin harremana ohikotasun handiagoarekin izatea ere, ikasle bakoitzaren beharrei modu integralean erantzun ahal izateko. Horrek esan nahi du ez dugula errendimendu akademikoan bakarrik jarri behar arreta, baita alderdi emozionaletan, afektiboetan, sozialetan, familiarretan eta osasunekoetan ere, eta ikasle bakoitzaren behar indibidualetan ere bai.

Gure lana zorrotza da, eta 60 urtetik aurrera zailagoa bihurtzen da. Beharrezkoa da erretirorako baldintzak hobetzea”.

Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik plataformako bost irakaslek sinatu dute gutuna, familientzat lagungarri izango delakoan.