Otsailean Luciano Mendez ekonomiako irakasleak "boligrafoen zaratak eta Mariaren eskoteak arreta galarazten didate" eta gisako esaldiak esan zituen Compostelako unibertsitatean. Ikasleak salaketa jarri zuen, baina unibertsitatearen erantzun falta ikusita protesta egin zuten hainbatek. Kamiseta erantzi eta paparrean esaldi batzuk idatzi zituzten: "Gehiegizkoa zure matxismoa da", "Nazka eta lotsa USCn" edo "Nire azal maskulinoa ez al zaizu gustatzen?". Orain Compostelako unibertsitateak ikasleak zigortu ditu, diziplina-espedientearekin.
Abuztuan Compostelako unibertsitateak bi hilabetez lan eta soldatarik gabe zigortu zuen Luciano Mendez. Aste batzuk geroago protestan parte hartu zuten zazpi ikasleren aurka hutsegite arinagatik diziplina-espedientea abiarazi du erakundeak. Berdintasuna, Generoa eta Hezkuntza Masterreko ikasleak dira denak. Espedienteagatik ikasgai baten edo gehiagoren matrikula eskubidea galdu dezakete, klasera joan gabe zigortu ditzakete eta kargu hartze publiko ala pribatuak izan ditzakete.
Francoren legea erabiliz
Kalteturiko ikasleek salatu dute Francoren diktaduran ezarritako lege bat baliatu duela unibertsitateak eurak zigortzeko, alegia, 1954ko neurri bat. “Unibertsitate publikoak ezin du frankismoko neurririk izan indarrean, eta are gutxiago berdintasunaren aldeko protesta batean izandakoak jazartzeko erabili”.
Mendezek “testosterona kontrolatzen zaila den hormona da” bezalako esaldiak egin zituen, eta horrek irakasle lanetan aritzeko duen gaitasunik eza erakusten duela salatu dute ikasleek. Kontzentrazioa iragarri dute hilaren 8rako, unibertsitatean bertan.