argia.eus
INPRIMATU
Irakasle interinoak eta Damokles

Miren Karmele Ikatzeta Zuriarrain 2020ko urriaren 30

Historia erreala da. Hogeita bat urte daramatza Lehen Hezkuntzan irakasle interino bezala lan egiten. Eusko Jaurlaritzak urtero kitatzen dio kontratua udan, eta ordezkapenen zerrendara aurkeztu behar du irailean beste kontratu eta lanpostu bat lortzeko. Berrogei ikastetxetan eman ditu eskolak (bai, berrogei!, eta batzuk errepikatuta) eta gizarteari lagundu dio hiru seme ekarriz. Gurasoek eta ikastetxeek oso ondo baloratu dute haren irakasle lana. Baina behin-behinekoa da, interinoa, segurtasunik gabea bere lanean. Damoklesen ezpatapean dago.

Ehunka eta milaka irakasle daude antzeko egoeran Euskal Herrian eta estatu espainiarrean. Hori alegala da, eta lege-iruzurra da aldizkakotasunaz edo behin-behinekotasunaz abusatzeagatik. Erakundeek badakite, baina ez dute injustizia zuzentzen. Sindikatu gehienek egoera horren jabe dira, baina ahantzita dauzkate irakaskuntzan urte asko eta lan-ziurtasunik gabe bizi diren irakasle interinoak.

"Ematen zaien irtenbide bakarra da lan egindako urte guztiak ahaztea, metatutako meritu guztiak bazterrean uztea, eta plaza-kopuru mugatuko oposizio publikoetara aurkeztea –non curriculuma eta irakaskuntza-esperientzia ez diren espezifikoki baloratzen–"

Ematen zaien irtenbide bakarra da lan egindako urte guztiak ahaztea, metatutako meritu guztiak bazterrean uztea, eta plaza-kopuru mugatuko oposizio publikoetara aurkeztea –non curriculuma eta irakaskuntza-esperientzia ez diren espezifikoki baloratzen–, hautagai gazteago eta, seguru aski, probak prestatzeko denbora gehiago izan dutenekin lehiatzeko. Irtenbide iruzurtia eta injustua da, izan ere, probabilitateen teoria aplikatuz, beti egongo baita hamar urte baino antzinakotasun handiagoa daukaten interinoen portzentaje bat kanporatuta geratuko dena.

Zorionez, badira sindikatu bat eta interinoen mugimendu bat laguntza eskaintzen dutenak oposizioa ez beste irtenbide bat bilatzeko: epaitegietara jotzea. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, behin-behinekotasunaren abusua ikusirik, ebatzi du Fabio Rossato (C-494/17), Italiako Irakaskuntzako langilea, finko bihurtzea.

Era berean, Europar Batasuneko Agerkari Ofizialak argitaratu berri du (2018/10/15) Europako Justizia Auzitegiak ebatzi egingo duela ea behin-behinektasun abusua sufritzen ari diren enplegatu publikoen lanpostuak OPEetara deitzea (alegia, oposizio publikora ateratzea), europar arautegiari egokituriko irtenbidea den ala ez. Ebazpen hau, Madrileko epaitegi batean SERMASeko odontologo batzuek aurkezturiko demanda baten harira dator, lanpostu tenporalean eta deialdirik gabe 15 urte baino gehiago dauden odontologoak.

Europako justizia behin-behinekotasun abusua pairatzen ari diren interinoen aldeko sententziak kateatuz joan dadin itxaron gabe, Eusko Jaurlaritzak kontratu laboralaren bidea ere eskaini dezake (unibertsitatean dagoenaren antzekoa), non lan-esperientzia eta irakaskuntza-praktika baloratuko dituen konkurtso espezifiko baten bitartez, eta irakaskuntzan hamar urte baino gehiago daramaten irakasle interinoek beren lanpostua modu finkoan egonkortu ahal izango duten. Eskaria justua da.

 

 

* Miren Karmele Ikatzeta Zuriarrain irakasle interinoa da