Joan den ostiralean 5.000 pertsona bildu ziren Miarritzen Parisko Gobernuari Seaskarentzat irakasle gehiago eskatzeko. Badira urteak Seaskak irakasle-kopuru aldetik arazoak dituela, ikastoletan ikasi nahi dutenen kopurua etengabe handitzen ari baita.
Albiste hau Bertsozale Elkarteak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.
Miarritzeko hondartzan hasita, Ste Eugénie plazan amaitu zen 5.000 haur, guraso eta irakaslez osatutako Ikastolen Bigarren danborrada. Azken urteetan izan duten arazo nagusiaren aurka manifestatu ziren; izan ere, Frantziako Gobernuak Seaskarekin duen akordioari muzin eginez, behar baino irakasle gutxiago kontratatzen ditu Seaska Iparraldeko Ikastolen Sareak dituen 36 zentroentzat.
Amaitu berri den ikasturtean, adibidez, ikasgela bakoitzeko ikasleen kopurua nabarmen handitu behar izan zuten, 30 eta 40 ikaskidekoak gehienak. Honek irakasleen lana asko oztopatzen duela adierazi du Seaskak, eta egoera muturrekoa dela azpimarratu du. Datorren urterako 30 irakasle gehiago behar dituztela adierazi dute, baina Frantziako Hezkuntza Ministerioak bost langile bakarrik kontratatu nahi ditu. Seaskak, bere aldetik, gehienez 13 irakasle kontratatzeko prest dagoela esan du, baina gainontzekoak Hezkuntza Ministerioak kontratatu behar dituela exijitu du. Ez direla beldur eta edozein erasori erantzuteko prest daudela adierazi zuen Paxkal Indo Seaskako lehendakariak Miarritzen.
Agur mikatza
Paxkal Indo Seaskako lehendakariak kargua utziko duela esan dio Ekhi Erremundegi Berria-ko kazetariari elkarrizketa batean. Bere 11 urtetako ibilbidea “gatazka baten erdian” definitzen dela eta beldur ez dela adierazi du, Seaska garaile aterako dela ziur baitago. Baikortasuna irauteko beharrezkoa dela dio Indok, denon baikortasunak Seaska hazteko balio izan duela argudiatuz: “Seaska bikoiztu egin da. Sartu nintzelarik, 2.100 ikasle ziren; 4.100 izanen dira ondoko ikasturtean”.